Correscales

'Korrika prekarioa'-k izango duen ibilbidearen mapa aurkeztu dute

uriola.eus 2016ko ots. 12a, 11:40

'Korrika prekarioa' izeneko korrika-martxak Bilbon hartuko dituen zonaldeen mapa aurkeztu dute gaur. Datorren ostegunean egingo den ibilbideak zenbait puntu izango ditu, eragile ezberdinak lotuko dituenak erreleboaren bidez. 18:30ean izango du hasiera ekitaldi txiki batekin, ostean korrika hasiko da. 

Datorren ostegunean izango da 'Korrika Prekarioa'ren hasiera Alde Zaharrean, Bartzelonaraino helduko dena. Iaz Movistarreko langileek egindako greba baten arira dator deialdia. Batez ere Bizkaian baldintza prekarioak zituztelako izan zen greba hura. Euskal Herrian, Katalunian, zein estatu mailan ere hainbat greba zein mobilizazio egon dira lan-baldintza prekarioak salatzeko. 

Goiuri Mendez Bilgune Feministako kideak argitu bezala, "bazirudien Movistarreko langileen kontu bat zela, haien artean elkarlanean eta beraien arteko sareak sortzeko balio izan zuenekoa. Baina prekarietateak aurpegi anitz ditu, gazteek bizi dute, emakumeek, langileek,... Ondorioz Correscalesek ekartzen duen alderdi garrantzitsuena kolektibotasunean eman ahal den erantzuna da. Azkenean ez da kasu bakarra. Prekarietatea gehiengo batek bizi du."

Euskal Herriko zenbait norbanako zein erakundek egin dute ekarpena duela zenbait aste estatu mailan abian jarritako crowfounding kanpainan. Jada 146.350 euro bildu dituzte, 150.000 euro izanik muga. Kanpaina bukatzeko 34 egun falta direla iragarri dute Goteo-ren web orrialdean. 

Antolatzaileek jendeari parte hartzeko deia luzatu diete. Bilbori dagokionez, 18:30ean ekitaldi bat egingo da Buenos Aireseko Movistarren dendan. Gero, erreleboan antolatuta egongo den korrikari ekingo diote.