Ekologistek eta langileek protesta bateratua burutu dute Iberdrolaren Akziodunen Batzordearen aurrean

uriola.eus 2016ko api. 8a, 12:54

Iberdrolako Akziodunen Batzordeak bilera nagusia egin du goizean Euskalduna jauregian. Hitzordu honen aurrean, Garoñaren kontrako Bizkaiko Foroak, Sestaoko ACBk eta Zumarragako Arcelor Mittaleko langileek elkarretaratze saratatsua egin dute. Besteak beste, Garoñaren balizko irekiera, energiaren prezioaren garestitzea eta Zumarragako lantegiaren itxiera salatu dituzte. 

11:00etan jendea pilatzen hasi da Euskalduna Jauregiaren aurrekaldean, parkean. Bertan zeuden Garoñaren Kontrako Bizkaiko Foroko lagunak. Santa Maria de Garoña zentrala berriz ere martxan jartzeko saiakera salatzea izan da haien helburua Iberdrolako Akziodunen Batzordera sartzen ziren pertsonen aurrean. Azaldu dutenez, "zentrala berriz ere martxan jartzeak, milaka urtez iraungo duten hondakin nuklearrak sortzea ekarriko luke eta gainera istripu bat gertatzeko arriskua onartu beharko litzateke; zentrala guztiz zaharkiturik baitago, bere bizi-iraupena bete baitu".

Elkarretaratzera, Jon Llona Greenpeaceko kideak mahaigaineratu duenez, "Garoña betirako itxi eta desegin dezatela eskatzera" hurbildu dira.

Era berean, protestan parte hartu dute ACB Sestaoko lagunek. Haien izenean, Jose Luis Pascuas ACBko LAB sindikatuko kideak argitu du, gaurkoan, Iberdrolako zuzendaritzari "gogoeta egitea eta energiaren prezioa merketzea" eskatu nahi diotela; "prezio horiek enpresa zein erabiltzaileentzako oso garestiak baitira". 

11:10ean batu dira Zumarragako Arcelor Mittaleko langileak elkarretaratzera. Haien lanpostuen defentsan buru-belarri lanean daude. Multinazionalak itxiera partziala iragarri du, Zumarragako altzairutegian zortzi langile baino ez dira mantenduko eta gainontzeko 342 beharginak lekualdatuko dituzte.