Indarkeria sexista

Ametzolan izandako eraso matxista gaitzesteko deia zabaldu dute

uriola.eus 2016ko mai. 19a, 09:07
Joan den martxoaren 11n Otxarkoagan burututako elkarretaratzea

Bilboko Udaleko talde politikoek "irmotasun osoz" gaitzetsi dute eta "bere samina" agertu dute Ametzola auzoan joan den larunbatean izandako eraso matxistagatik. Errekalde auzoko elkarteek gaur, hilak 19, elkarretaratzea deitu dute 'Erasorik ez, erantzunik gabe' lelopean. 

Ekintzak, "osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa izateaz gain, giza-eskubideen haustura larri eta jasanezina" dakarrela dio Udalak, publiko egin duen adierazpenean. Larunbateko ekintza arbuiatu eta "ulertezintzat" jo du. Halaber, emakumeari baita gertukoei ere, babesa helarazi dio. 

Udaleko ordezkariek erasoa gaitzesteko ekintzetan parte hartuko dutela iragarri dute, eta Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak horietaz baliatu behar dituztenen esku jarriko dituzte, "arreta osoa eta espezializatua eskaintzeko asmoz".

Sei alderdien arabera, "guztiok azaldu behar dugu emakumeen aurkako indarkeriaren edozein agerraldiren kontra. Horretarako, ekintza horiek salatu behar ditugu, ez ditugu baimendu behar eta haien aurrean ezin gara isildu; aitzitik, gure babesa erakutsi behar diegu jasaten dituztenei, hitz batean, banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean".   

 

Elkarretaratzea

"Auzoan gertatutako azken eraso sexuala salatzeko", elkarretaratzea deitu dute Errekaldeko elkarteek gaur, hilak 19, 19:30ean, Errekaldeko plazan, 'Erasorik ez, erantzunik gabe' lelopean. 

 

Erasoa

Joan den larunbatean, maiatzak 14, bi gizon 24 urteko emakume batengana hurbildu ziren, bortizki bere gainera bota eta poltsa tiraka kendu eta gero, ukituak egiten hasi eta atzamarrak sartu zizkioten aluan. Alde egin aurretik, erasotzaileek mehatxu egin zioten: "Kontuz, badakigu eta non bizi zaren". Ertzaintza eta Udaltzaingoa bi gizonen bila dabiltza.

[2016-05-17] Bi gizonen bila ari da Polizia 24 urteko emakume bati sexu erasoa egiteagatik