Balio katastral handieneko zergadunek gehiago ordaintzea proposatu dute

uriola.eus 2016ko mai. 25a, 11:13

Bilboko Udalaren Gobernu Taldeak Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) 2017ko ekitaldirako tasa berriak zehazteko proposamena onartu zuen atzo, Osoko Bilkurara eramateko.

Marta Ajuria Ekonomia eta Ogasun Saileko Zinegotziak talde politikoei azaldu dien proposamen hau Bizkaiko Foru Aldundiak Higiezinen Foru Katastroa berrikusteko burututako prozesuaren emaitza da, izan ere, Aldundiak eskumen osoa dauka alor honetan. Haren ondorioz, 2016ko maiatzaren 18an Batzar Nagusiek bi Foru Arau berri onartu zituzten: OHZ eta Katastroa.

Jakina den bezala, Foru Aldundiak egindako katastroaren berrikuspenak eragin zuzena dauka OHZ, Gainbalioa eta Estolderiako Tasa bezalako udal-zerga garrantzitsuetan, higiezinetako katastro-balioko zerga horiek kalkulatzeko erabiltzen den oinarria osatzen duelako.

Bilbo berriaren OHZ

Prozesu guzti honek Bizkaiko 112 udaletan eragina dauka, izan ere, azken katastro-balioak Aldundiak zehaztu zituen irizpide teknikoen arabera 1969 eta 1976 bitartean. Balioei buruzko proposamen horietatik ia 50 urte igaro eta gero, Bilboren orduko egoerak ez dauka zerikusirik gaurkoarekin alderatuta higiezinei dagokienez, izan ere, azpiegitura berriak sortu dira: eraikinak, etorbideak, parkeak, garraiobideak… hiriaren itxura erabat aldatu arte.

Ia 50 urte geroago, katrastro-balioen berrikuspena ezinbestekoa da, higiezinen orduko errealitatea Bilbon erabat gaindituta dagoelako. Hiria aldatu da, eta ez modu homogeneoan, 1960ko hamarkadaren amaieran pentsaezina zatekeen hirigintzako mapa batekin, industriatik zerbitzuetara eta etxebizitzetara, eta urbanizatutako landa-eremuetarako aldaketa emanda.

Egoera honen ondorioz, Bilbok Estatu osoko OHZ murritzena du maila bereko beste hiriburu batzuen eta Donostia eta Gasteizen aldean.

Bilboko Katastro Balioaren igoera

Aurretik esan bezala, Bizkaiko Foru Aldundia katrastro-balioak zuzentzeko prozesua burutzen dabil, 2017/01/01 indarrean sartzeko, bi fasetan:

1. Balioen Proposamena Onartzea (izapidean).

2. Ondoren, higiezin bakoitzari katrastro-balioaren banakako esleipena.

Prozesu honen ondorioz, Bizkaiko udalerri guztietako katrastro-balioetan igoera nabarmena egotea aurreikusi da. Baita Bilbon ere.

Epeak betetzeko, Bilboko Udalari dagokionez, lanak bizkortu dira OHZ berriaren zerga-tasa berriak lehenbailehen onartu ahal izateko, 2017ko urtarrilaren 1ean indarrean sartu beharko baitira.

Onartutako OHZren Foru Arau berriari dagokionez, Bilborentzako lehenengo datu garrantzitsua Katastro Balioaren igoera orokorra da, hain zuzen ere, %316koa. Hau da, Bilboko higiezinek lehen 4.941,5 Milioi euroko balioa bazuten, orain 20.559,5 Milioikoa izango dute.

Higiezinen erabilerei dagokienez (etxebizitza, merkataritza, industriala eta gainerakoak -osasuna, kirolak, bulegoak...-), etxebizitzako erabilera da ordainagiri gehien sortzen duena (guztizkoaren %87,5a) eta %398ko igoera izan du, merkataritzak (ordainagirien %8,7) %142ko igoera, industriak (ordainagirien %1,1) %96koa eta gainerako erabilerek (ordainagirien %2,7) %193.

Kopuru hauek barrutika aplikatuko bagenitu kopuru hauek izango genituzke:

- Katastro-balioak Abandon +%255 eta Deustun +%264 gehitu dira. 

- Basurtun %338 eta Ibaiondon %340.

- Errekalden %385 igo dira eta Uribarrinn %413.

- Begoñan %469 igo dira eta Otxarkoaga-Txurdinagan %446.

Gehikuntza guzti horiek Bilboko auzoek izandako eraldaketaren ondorioz etorri dira. Izan ere, gaur egungoek 1960 hamarkadan zeuden azpiegiturekin zerikusirik ez dute eta, logikoa denez, higiezinen gaur egungo maparen balioa handitu da.

Herritarrentzako neurri zuzentzaileak

Katastro-balioen hazkunde hori ordaindu beharreko OHZ (ibi) zergaren diru-kopuruan eragin zuzena dauka. Hala ere, %316ko hazkunde orokor hau alde batera utzita, Bilboko Udalaren helburua ez da herritarren bizkarrera eramatea eta horretarako, zerga tasa baxuagoen bidez neurri zuzentzaileak egin ditu, batez ere etxebitzetan, hau da, herritarren gehiengoari eragiten diona (%87,5).

Bizkaiko udalek zerga honetatik ezin izango dute %4 baino gehiago jaso 2017an.

Bilborentzako tasa berriak: katastro-balio handienei gehituko zaizkie

Bizkaiko Foru Aldundiko OHZren Foru Araua aztertu ondoren, Bilboko Udalak OHZren zerga-tasa desberdinak ezarriko ditu, udal zerga-politikaren irizpide berrien arabera, eguneratutako katastro-balio berrien ezarpenaren igoera moteltzeko asmoz. Zerga Tasa berri hauek, katastro-balio berrien gainean aplikatuko dena, 2017rako OHZren kuotak zehaztuko dituzte.

• Gogoratu beharra dago Bizkaiko Foru Aldundiak erabileren araberako gehikuntza-tarteak onartu dituela, izan ere, horien gainean gauzatuko ditu Bilboko Udalak onartutako proposamenak:

 

Araudi horren arabera, Udal Gobernu Batzordean 2017rako OHZri buruz atzo onartutako proposamenean honako hau ezarri zen:

- Tasa Orokorra (etxebizitzetarako) eta erabileren araberako (komertziala, industriala eta gainerakoak) Tasa Bereiziak, herritarrek ordaintzen dituzten ordainagirien %97ri ezarriko zaizkienak.

- Eta Gehitutako Tasak, katastro-balio handiagoa duten hizieginetan aplikatuko dena (ordainagiri guztien %3).

• Hau da, Udalaren helburua katastro-balio handiagoa dutenek OHZ gehiago ordaintzea da.

 

 

Tasa Orokorrak eta Gehitutako Tasa berriak aplikatu ondoren, OHZren batez besteko diru-bilketa %4 gehituko litzateke 2016 urtearekin alderatuta, hau da, 2 milioi euro.

Etxebizitzen erabilera duten lokalek (ordainagirien %87,5) %1,95 gutxiago ordainduko dute batez beste. Eta hori konpentsatzeko, katastro-balio handiagoa duten tarteetan gehiago aplikatuko da.

- Zerga berria norberari nola eragingo dion ikusteko, 2017an, oro har, erabilera guztiak kontuan hartuta, zergadunen %49ri OHZren zerga jaitsi egingo zaio eta %51ri igo.

Dirutan, portzentaje hauek esan nahi dute ordainagirien %21,5i zerga 20 euro baino gutxiago igoko zaiola, %19,5i 60 euro baino gutxiago eta ordainagiri guztien %10i 60 euro baino gehiago.

• Etxebizitzetan -erabiltzaile gehien jasotzen duena-, ordainagirien %23an, gutxi gora behera, 20 euro baino gutxiagoko igoera izango dute; etxebizitzen %19k 20 eta 60 euro bitarteko igoera, eta %7ri baino ez 60 euro baino gehiago igoko zaie.

Erabaki horiekin katastro-balioen %316ko igoerak herritarren poltsikoetan eraginik ez izateko asmoa dago, beste udalerri batzuetan gertatu denaren kontra.

Gainbalioa eta Estolderia

Lehen esan dugun moduan, katastro-balioaren berrikuspenak OHZri eragiteaz gain, udal zerga gehiagori eragiten dio, hala nola, Gainbalio eta Estolderia Tasei.

Bi zerga horietan, katastro-balio berriek ez dute eraginik izango datorren ekitaldiko diru-bilketan.

Hutsik dauden etxebizitzak

Orain gutxi Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako Foru Arau berriak proposatutako errekarguari dagokionez, Bilboko Udalak udalerrian hutsik dauden etxebizitzen egoera eta kopurua ezagutu arte itxarongo du.

OHZ berria

Udalbatzan katastro-balio berrien tasen proposamen hau onartu ondoren, hurrengo urratsa Bizkaiko Foru Aldundiak katastro-balio berriak eta herritar bakoitzak ordaindu beharreko OHZ-kuota zehaztu eta jakinaraztea izango da.