Indarkeria sexista

Elkarretaratzea egingo dute arratsaldean Gasteizeko eta Angeluko erailketa matxistak salatzeko

uriola.eus 2016ko eka. 23a, 08:40

Gasteizeko 43 urteko gizonezko batek emakume bat hil zuela aitortu zuen astelehen gauean. Angelun, berriz, gizon batek emaztea eta bi alaba hil ditu. Gaur, osteguna, ekainak 23, Emakumeen Mundu Martxak 'Eraso sexistarik ez!' lelopean elkarretaratzea deitu du Arriagako plazan 19:30ean.

Gasteizen, hiltzaileak aitortutakoaren arabera, mailu batekin kolpatuta erail zuen andrea, bere gorpua zatitu eta arrastoak Zadorra ibaira bota zituen.

Ertzaintza emakume baten gorpuaren bila ibili zen atzoko egunean Zadorra ibaian. Gizonak astelehen gauean jakinarazi zion Ertzaintzari emakume bat hil eta haren gorpua ibaira bota zuela. Astearte goizean baieztatu zen gertatutako, 11:00ak aldera gorpuzkiak topatu zituztenean, zerra batekin eta beste tresna batzuekin batera. Arratsaldeko 20:00ak inguru, Abetxuko inguruan zebiltzan urpekariek azken gorpuzkiak topatu zituzten.

Ustez, astelehen gauean, 20:00ak aldera Ertzaintza ohartarazi zuten Gasteizko alde zaharreko etxebizitza batean homizidio bat eman zela. Etzebizitzara heltzean bertan topatu zuten 43 urteko gizona, eta 60 urteko emakume bat hil izana aitortu zuen. Bere esanetan, aurreko asteazkenean hil zuen etxe hartan mailu batekin kolpatu eta gero. Ondoren, gorpua zatitu eta Zadorrara bota zituen gorpuzkiak osteguna eta larunbata artean.

 

Angelun

Bestalde Angelun ere erailketa sexista baten berri eman zuten astearteko gau partean. Gizon batek bere emaztea eta bi alaba hil zituen Belle Marion kaleko etxe batean.

Oraindik ez dago gertatutakoaren informazio askorik baina hedabide batzuek esandakoaren arabera, gizon bat etxean itxi da arma batekin eta tiroz hil ditu emakumea eta 11 eta 17 urteko bi alabak; hirugarren alaba bat zuten.

Ustez, erailketa astelehenean gertatu zen eta gorpuak atzo aurkitu zituzten, umeak eskolan agertu ez zirenean senideen kezkak ohartarazita. Asteartean arratsaldean polizia etxebizitzara gerturatzean, gizonak bere buruaz beste egin zuen.

  

Mobilizazioak

Emakume Mundu Martxak indarkeria matxistari erantzuteko protokoloa martxan jarri du. Hainbat dira Euskal Herriko hiri eta herrietan, erailketa salatzeko deitutako elkarretaratzeak. Asteartean, Arabako Emakumeen Asanbladak deituta mobilizazio burutu zuten 20:00etan Andra Mari Zuriaren plazan eta jendetza batu zen bertan gertatutako errefusatzeko. Atzo berriz, manifestazioa abiatu zen plaza beretik 20:00etan.

Bilbok ere bat egin du salaketarekin eta gaur, osteguna, ekainak 23, elkarretaratzea egingo dute Arriagako plazan.