'Udan zinea zure auzoan' programak aire libreko zine saioak eskainiko ditu uztailaren 19tik aurrera

uriola.eus 2016ko uzt. 14a, 09:00
Nekane Alonso Kultura zinegotzia eta Aritz ET zinegilea

Udan aire libreko zineaz gozatzeko saioak berreskuratuko ditu Udalak. 'Udan zinea zure auzoan' programa datorren asteartean (uztailaren 19an) hasiko da, txarteldegian arrakasta handia lortu duen Emilio Martinez Lazaroren 8 apellidos catalanes (2014) lana eskainiz Casilda Iturrizar parkean. Emanaldi guztiak gaueko 21:30ean hasiko dira, eta aurretik euskal film labur bat eskainiko da. 

Iazko udan martxan jarri zen programa honen helburua auzoetako kultur eskaintza udako jarduera batekin zabaltzea da, kaleaz familian gozatu ahal izateko. Ekimenaren barruan beste zazpi saio jasotzen dira, Deustuko San Pedro plazan (uztailaren 21ean), Funikularraren plazan (uztailaren 26an), Abusuko Ibaizabal zelaian (uztailaren 28an), eta dagoeneko abuztuan Otxarkoagako Ugarte plazan (abuztuaren 2an), Zorrotzako Azoka plazan (abuztuaren 4an), Errekaldeko plazan (abuztuaren 9an), eta, amaitzeko, Karmelo plazan (abuztuaren 11n).

Programazioak euskal ekoizpen-lanak, estatuko beste batzuk eta nazioarteko arrakasta handiak jasotzen ditu, ikus-entzuleek pantaila handian, izarren azpian, goza dezaten. Egitaraua Casilda Iturrizar parkean hasiko da, programa honen iazko edizioari hasiera eman zion Ocho apellidos vascos lan arrakastatsuaren jarraipena den Ocho apellidos catalanes lanarekin.

Uztailaren 21ean izango den bigarren saioak euskal zigilua duen lana hurbilduko die ikus-entzuleei Deustuko San Pedro plazan, Telmo Esnalek eta Asier Altunak zuzenduta 2005ean txarteldegian arrakasta lortu zuen Aupa Etxebeste lanarekin. Filmak, dirurik ez duen arren, herrikideei oporretan joan direla sinetsi-arazteko, opor guztiak etxean ezkutatuta igarotzen dituen familiaren istorioa kontatzen du. Filma euskarazko jatorrizko bertsioan eskainiko da, gaztelaniazko azpi-tituluekin. 

Hurrengo hitzorduak, uztailaren 26an, Funikularraren plazara eramango gaitu, Zinebik ekoiztutako BilbaoBizkaia. Exerior–Dia talde-filma eskainiko da, bi hizkuntzatan. Lan horren helburu bikoitza film laburra balioan jartzea eta Bilboren erakusleiho izatea da. 

Zinebiren azken edizioan estreinatu zen zinta osatzen duten film laburrak Pedro Olearen Zonbi Eguna, Javier Rebolloren El amigo imaginario, Enrique Urbizuren Misterio en el parque de Doña Casilda, Mikel Ruedaren Caminan, Luis Mariasen Amatxu Maitea, Imanol Uriberen Parpadeos eta Sra. Polaroiskaren Los ocho pecados capitales dira.

Uztaileko programazioa 28an itxiko da, Abusuko Ibaizabal zelaian, bi Oscar eta Urrezko hiru Globo irabazi zituen Moulin Rouge (2001) musikalarekin. Sari horien artean, Nicole Kidmanek irabazitako antzezle hoberenaren sariak daude. 

Abuztuan dagoeneko, beste lau zine saio programatu dira, eta horien artean 80ko hamarkadan Hollywooden izandako bi lan arrakastatsu azpimarratu behar dira, Regreso al futuro (1985) eta Gremlins (1984), Otxarkoagan eta Santutxun, abuztuaren 2an eta 11n, hurrenez hurren. 

Abuztuko beste film biak, duela denbora gutxi egindakoak, Javier Ruiz Calderak zuzendu duen Anacleto: Agente secreto (2015), Zorrotzako Azoka plazan eskainiko dena (abuztuaren 4an) eta El viento se levanta (2013), Hayao Miyazakiren animaziozko filma, Errekaldeko plazan ikusi ahal izango dena abuztuaren 9an, izango dira.

Moulin Rouge, Regreso al futuro eta El viento se levanta filmak gaztelaniaz eskainiko dira, euskarazko azpi-tituluekin.