Puntako txirrindulari paralinpikoak bilduko dira Paracycling World Cup proban asteburuan

uriola.eus 2016ko uzt. 15a, 08:15
http://www.uci.ch/

Bilbon, Gasteizen, Elorrion eta Mungian puntako txirrindulari paralinpikoak bilduko dira Paracycling Road World Cup-Basque Country txapelketa jokatzeko gaurtik igandera, uztailaren 15etik 17ra bitartean. Proba hau UCIren munduko koparen egutegian sartu da, Bizkaiko Paracycling Birak zeukana baino goragoko lehiaketa maila lortuta.

Bilboko Udalak, tartean dauden gainerako udalekin batera, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak babestu dute proba hau. Txapelketaren antolatzailea den Saiatu Fundazioaren arabera, kirol proba hau baliagarria izango da sasoi betean jartzeko Rio de Janeiroko Joko Paralinpikoetarako.

Txirrindularitza egokituko lau kategoriak izango ditu probak: bizikletak, trizikloak tandemak eta esku-bizikletak.

Basque Country-Munduko Paracycling Txapelketa gaur hasi da Gasteizen, Salburua inguruan, 09:30ean, 7 kilometroko banakako erlojupekoarekin.

Bihar Elorrion izango da probaren bigarren etapa esku-bizikleten iraupen-probarekin 7,2 kilometroko zirkuituan.

Kopako hirugarren etapak, berriz, bi saio izango ditu: goizean, Mungian jokatuko da bizikleten eta tandemen iraupen-proba. Arratsaldean, ostera, Bilboko Kale Nagusian esku-bizikleten taldekako errelebo-lasterketa izango da. Karreristek 12 itzuli egingo dizkiote 1,4 kilometroko ibilbideari.