Errekalden kokatuko da enpresen eraldakuntza digitalerako Bilbao Berrikuntza Garage

uriola.eus 2016ko uzt. 22a, 12:56
Bilbao Berrikuntza Garage proiektuaren aurkezpena

EAEko enpresen eraldakuntza digitala sustatzeko elkarlanean jardutea eta berrikuntza zentro aurreratua sortzea adostu dute gaur Bilboko Udalak, IBMek (NYSE:IBM), BBK-k, Iberdrolak, Euskaltelek, Mondragon Korporazioak eta Deustuko Unibertsitateak. Jarduera nagusia Bilbao Berrikuntza Garage deritzona sortzea izango da. Zentroa Errekaldeko Auzo Factoryan kokatuko da, eta proiektuak garatzen nahiz jardunean diharduten konpainiak edo start-up berriak mentorizatzen lagunduko du berrikuntza digitalaren esparruan, betiere cloud, analitika, internet of things eta sistema kognitiboak gisako teknologiarik aurreratuenen laguntzaz.

200.000 euro inguruko kapitalarekin gaur eratutako elkartearen eta abian jarriko den zentroaren xedea EAEko "enpresen eta industriaren digitalizazioa eta haien lehiakortasuna hobetzea" da, "teknologia berrien alorreko enplegu espezializatua sustatzeaz" gain. Ekimen honekin, Bilboko Udalak eta erakunde sustatzaileek "euskal gizartearen berrikuntza teknologikoa bultzatu eta informazioaren teknologia berrien erabileran espezializatutako enpresen ekosistema" garatu nahi dute. 

Udalarekin batera, Bilbao Berrikuntza Garage proiektuaren erakunde sustatzaileak dira IBM (NYSE:IBM), BBK, Iberdrola, Euskaltel, Mondragon Korporazioa eta Deustuko Unibertsitatea. 

Bilbao Berrikuntza Garage hurrengo arlo teknologikoetan egongo da espezializatuta: hodeian konputatzea, datuen analitika, 4.0 Industria, Gauzen Internet, mugikortasunerako teknologiak eta sistema kognitiboak –hizkera arrunta ulertu, datu handiak aztertu eta ikasten duten sistemak–. 

Teknologia oso berritzaileen sorta horrek erakundeen eraldakuntza digitaleko prozesuan eta negozio-eredu berrien ezarpenean "balio erantsi handiko ekarpena" eskaintzen dute. 

Esate baterako, hainbat ikerketaren arabera, eraldaketa digitalak Europako ekonomiaren BPGari 2,5 bilioi euro ekarri ahal izango dizkio 2025ean. Europako Batasunaren txosten baten arabera, adibidez, cloud computing izeneko teknologiak 2020rako Europako ekonomiaren BPG osoari %0,7ko ekarpena egiteko eta 300.000 enpresa berri sortzeko ahalmena dauka. 

Zentroa osatzen duten erakundeek bakoitzaren jarduera-eremuan, teknologiak, baliabideak eta ezagutza espezializatua eskainiko dituzte nazioarteko ingurunean "berrikuntza alorreko punta-puntako proiektuak" sustatzeko, "Euskadiko enpresa-sarearen irudi berritua emanda eta informazio digitaleko gizarte berrian enpresa berrientzako erakargunea sortuta". 

Juan Mari Aburto Bilboko Alkatearen ustez, zentro honen sorrera Bilborentzako "oso pauso garrantzitsua" da, izan ere, horrela "Bilbo, Europan, berrikuntzaren bilgune, teknologia berrietan espezializatutako proiektuak eta enplegua garatuko dituen erakargune berri bilakatuko da. Horretarako, hiru arloren arteko batasun eta lankidetza landu da: herri-administrazioa; arlo akademiko eta zientifikoa -unibertsitatearen bidez-; eta enpresa- nahiz industria-arloa, sektore honetan erreferentzia argia diren izen handiko sozietateekin. Gaur lehenengo pausua eman dugu dokumentu hau izenpetuta. Honen ostean, beste askoz gehiago etorriko dira eta haien eragilea Errekaldeko gure Auzo Factoryren Bilbao Berrikuntza Garage izango da". 

 

Proiektuen 'garajea' eta unibertsitateekiko elkarlana

Zentroaren jarduera nagusietakoa teknologien 'garajea' izatea da, esate baterako: big data; cloud computing-a –besteak beste, Bluemix, negozio-eredu berriak eta hodeian aplikazioak garatzeko eta erraz ezartzeko IBM Clouden plataforma-; Gauzen Internet; eta soluzio kognitiboak. 

Helburua "Euskadiko enpresentzat digitalizazioaren inguruko erreferentzia nahiz sozietateez, ekintzaileez eta zentro teknologikoez osatutako ekosistema kokatzeko leku fisikoa sortzea da". Gainera, aipatutako eremuetan "proiektu berritzaileak" garatzen lagundu nahi dute, orain dauden sozietateak edo start-up berriak babestuta, eta Design Thinking bezalako garatzeko azken metodologiak sustatu nahi dituzte, hau da, "bezeroa une orotan kontuan hartzen duten artisau-esperientziak garatzeko esparrua". 

Zentro honek nazioarteko esperientziak eta teknologia berrien ingurukoak zabaltzeko jarduerak antolatuko ditu. Gainera, zentroaren jarduera berrikuntzaren sustatzaile gisa agertzeko laguntzen duten argitalpen, hitzaldi eta lehiaketak prestatzeko eta ikerkuntzan nahiz ikasteko beken alorrean unibertsitateekin zein herri-erakundeekin lankidetza sustatzeko asmoa dago.