Bilbok 527,9 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urterako, 2016an baino %3,6 handiagoa

uriola.eus 2016ko aza. 4a, 12:00

Udalak 2017ko aurrekontua handitu du udalaren bide-orriko hiru ardatz hauei lehentasuna emateko: Gizarte ongizatea eta bizi-kalitatea; enplegua, inbertsio publikoa eta jarduera ekonomikoa; eta kalitateko zerbitzu publikoak.

Juan Mari Aburto alkateak, Marta Ajuria, Ekonomia eta Ogasun Saileko zinegotzia ondoan zuela, 2017ko aurrekontuak aurkeztu ditu gaur prentsaren aurrean. Aurrekontuok, berak adierazi duenez, 527,9 milioi eurokoak izango dira, aurreko urtean 509,8 milioi izan ziren bitartean; hau da, aurton 18,1 milioi gehiago daude, beraz, igoera % 3,6koa izango da.

Gaur goizean, gobernu-taldearen ezohiko bileran aurrekontuen proiektu berri hau onartu eta Udalean ordezkaritza duten talde politikoei jakinarazi ondoren, tramitatzen hasiko da; era berean, gaur bertan Udalaren webgunean argitaratu (www.bilbao.eus) eta barrutietako kontseiluetara bidaliko dira aurrekontuok, herritarren artean zabalkundea emateko. Era horretan, Juan Mari Aburtoren legealdiko helburu nagusienetako bat bete nahi dute: gardentasuna eta partaidetza.

Lehentasunak

Bilboko Udalaren ibilbidea gidatuko duten kopuruak zehazteko orduan, hiru izan dira bide-orria zehaztu duten ardatzak: 

1.- Gizarte ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea

2.- Enplegua, inbertsio publikoa eta jarduera ekonomikoa bultzatzea. 

3.- Kalitateko zerbitzu publikoak bermatzea.

Hiru horiek lehentasuna izango dute eta, hortaz, Alkatearen esanetan, 2017ko Aurrekontuetako euro bakoitzaren bihotzean egongo dira bilbotarren eta uriko AUZOEN oraina eta geroa zehazteko.

%3,6ko igoera

Lehentasunezko helburu horiei begira, datorren urteko aurrekontua aurtengoa baino %3,6 handiagoa izango da: 527,9 milioi eurokoa hain zuzen ere, 2016an baino 18,1 milioi euro handiagoa.

Kontuan hartu behar da kopuru horretatik 301 milioi Udalkutxako fondoetatik datozela; kopuru horri Bizkaiko Foru Aldundiari 2016an itzuli beharreko 23 milioi euro kendu behar zaizkio; hortaz, Udalkutxak Bilborako erabilgarri duen kopuru osoa 277,7 milioi eurokoa izango da (2017ko Aurrekontuaren % 52,6).

Bilbo eraberritzeko helburua ahaztu gabe, datorren urtean ere zuhurtzia eta zorroztasun ekonomikoa izango dira Udalaren gestioaren egunez eguneko oinarrizko printzipioak, betiere kontuan hartuta jarduera ekonomikoaren moteltzea, Brexitaren inpaktuaren zalantza eta azken ekitaldian zergen bidezko diru-bilketa gutxi hazi izana. Horregatik guztiagatik, Udalak 2017. urtea zorrik gabe amaitzea "espero" du.

Gauzak horrela, 2017ko Aurrekontuen Proiektua "orekatua, solidarioa eta parte-hartze bidezkoa da", Udalaren inbertsio publikoa bultzatuz, % 3,5 hazi da-eta. "Zorroztasuna eta zuhurtzia izango dira gure lema, baina uriaren zaharberritzearen motorra gelditu gabe, Bilbo ezin delako gelditu, Bilbok aurrera egin behar duelako eta horixe izango da gure lehentasuna".

Igoera orokorra

Aurrekontuetako igoera 2015-2019 Agintaldiko 10 ardatz estrategikoetako gehienetan islatzen da: enplegua eta jarduera ekonomikoa; zerbitzu eta politika sozialak; hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta balioen garapena; kultura eta aisia; segurtasuna; uriaren eraldaketa eta ingurumena; garraioa, mugikortasuna eta irisgarritasuna; auzoen garapena; Bilbo euskalduna; eta gardentasuna, partaidetza eta gestio aurreratuan.

Sailen arabera, langileen gastuak kenduta, honela banatu da aurrekontuko dirua: 23,6 M€ ekonomi garapen, merkataritza eta enplegurako; 113,7 M€ obra, hiri eraberritze eta espazio publikorako; gizarte ekintzara 38,5 M€; kulturara 24,2 M€; zirkulazioa eta garraiorako 51,4 M€; herritarrentzako arreta, partaidetza eta barrutietarako 38,5 M€; ekonomia eta ogasunerako 51,3 M€; barrutietako obra eta zerbitzuetarako 15,5 M€; gazteria eta kiroletarako 11,2 M€; etxebizitzarako 3,5 M€; osasuna eta kontsumorako 2,2 M€; herritarren segurtasunerako 6,5 M€; berdintasun, lankidetza bizikidetza eta jaietarako, 6,3 M€; alkatetza eta kontrataziorako 18,4 M€; eta hiri plangintzarako, 2,3 M€.

2017ko berritasun eta proiektu nagusiak

2017ko Aurrekontuko berritasun bat honako hau da, aurreneko aldiz 2 milioi euro gordeko direla parte-hartze bidezko aurrekontuetarako, hau da, bilbotarrek proposatutako ideia eta proiektuetarako. Proposamen horiek parte-hartze bidezko prozesuaren barruan egingo dira eta Auzokide Planaren barruan auzoetan egiten diren obren aurrekontuari batuko zaizkio, 15,5 milioi euro.

Juan Mari Aburtoren iritziz, helburua da herritarrak izatea jarduera guztien ardatz, "herritarren ikuspegia eta ekarpena kontuan hartuz" eta "euro bakoitzaren bihotzak bere espazioa izango du auzoetan”.

Beste proiektu eta partida garrantzitsu batzuk 

23,6 M€ enplegua eta jarduera ekonomikorako; 9,7 M€ Deustuko kanala irekitzeko; 6 M€ FEVEk Iralan duen lubakia urbanizatzeko; 4,8 M€ gizarte larrialdietarako laguntzetarako; 3,4 M€ Zorrotzaurreko Kontzertazio Batzorderako; 3,2 M€ 2017ko Enplegu Planerako; 2,9 M€ Basurtuko gai sukoien eraikina zaharberritzeko; 2,5 M€ etxebizitza komunitarioan sartzeko diru-laguntzetarako; eta 2,1 M€ elementu mekanikoak abian jartzeko (besteak beste, kale hauetan: George Steer; Claudio Gallastegi, Marqués de Laurencin eta Basobidea).

Eta hauek ere jaso dira: 1,7 M€ Bilbobuseko flotarako autobusak eskuratzeko; 1,2 M€ Olabeagako Plan Berezirako; 0,9 M€ pobreziaren aurka egiteko planerako; 0,6 M€ arraunerako pabilioi berrirako (Deustu); 0,5 M€ San Mameseko kiroldegi berrirako; 0,5 M€ Basurto-Ospitalearen inguruak berriztatzeko.

Parte-hartze bidezko Aurrekontuetako proiektu batzuk

Parte-hartze bidezko Aurrekontuei dagokienez, 17 proiektu berri sartu dira (22 proposameni lotutakoak), 2 milioi euroko guztizko aurrekontuaz. Gauzatu beharreko proiektuen artean, honako hauek nabarmen daitezke: aire zabaleko rokodromoa, 3 urteko umeek skateboard egiteko guneak eraberritzea; eskola-inguru eta eskola-bide seguruetan seinaleak jartzea, Fangoko errugbi-zelaian tribuna eraikitzea…

Gaur bertan argitaratuko dira udal web gunean onartutako jarduerak, herritarrek egindakoak barne, balorazioan erabilitako argudioak adieraziz.

Gogoratu behar da prozesu horren barruan herritarrek eta elkarteek 302 proposamen egin zituztela eta horietatik 17 proiekturi eman diela lehentasuna gobernu-taldeak datorren urteko aurrekontuetan sartzeko.

302 proposamen horietatik, 226 ez dira aintzakotzat hartu arrazoi hauengatik: 79 gauzatuta edo gauzatzeko bidean daude, Auzokide Planeko jarduketen barruan, eta 147 baztertuta geratu dira arrazoi juridiko edo teknikoengatik edo udal eskumenekoak ez direlako. 54 proposamen baino ez dira lehenetsi.