Azaroak 25

Gero eta gehiago dira genero indarkeriagatik udal zerbitzuetara jotzen duten emakumeak

uriola.eus 2016ko aza. 23a, 09:29

Bilboko Udalak Genero Indarkeriaren Prebentziorako eta Arretarako Programaren balantzea aurkeztu du. 2016ko lehenengo seihilekoan, Udalak "genero-indarkeriaren biktima izan diren 302 emakume atenditu dituela" jakinarazi du Itziar Urtasun Berdintasun zinegotziak, "2015ean baino 128 emakume gehiago". Udaltzaingoak genero indarkeriagatik jaso dituen salaketek ere gora egin dute, iaz baino 9 salaketa gehiago aurkeztu dira lehen seihilekoan. 

2016ko lehenengo seihilekoan, Bilboko Udalak genero-indarkeriaren biktima izan diren 302 emakumeri eman die arreta; horietatik 123k lehenengoz jo dute zerbitzura; gainerako egoerak, 179, aurreko urteetan hasitakoak izan dira.

2015ean, 430 emakume atenditu ziren guztira, eta horietatik 214 emakume lehenengo aldiz baliatu ziren zerbitzuaz. Urteko lehen seihileko honen aldean, 2015eko lehen seihilekoan 279 emakume atenditu ziren, eta horietatik 114 emakume lehenengo aldiz baliatu ziren zerbitzuaz.

Kasu berri gehienak (42) gizarte-larrialdietako udal zerbitzuen (GLUZ) bidez iritsi dira; 22 kasutan euren ekimenez gerturatu dira eta 16 oinarrizko gizarte zerbitzuek bideratuta. Gainerako egoera gehienak modulu psikosozialetan, Osakidetzan edota Udaltzaingoan antzematen dira.

Udal harrera programari dagokionez, 23 emakume hartu dira guztira, adingabeko 23 seme-alabarekin batera. Harrera hartu duten 23 emakume horietatik, 13 kasu berriak dira. Gaur egun, 9 emakume daude Udalaren bederatzi harrera-etxebizitzetan.

 

36-45 urteko adin-tartean emakume gehien

Emakumeen adinari dagokionez, 36-45 urteko adin-tartea da emakume gehien biltzen duena. Era berean, 18-25 urteko tartean ere, arreta hartu duen emakume-kopuru "handi samarra dago", Itziar Urtasun Berdintasun zinegotziaren esanetan. "Nahitaezkoa da prebentzioarekin jarraitzea, eta detekzioan aurrera egitea 65 urtetik gorako emakumeen artean".

 

Salaketak gora

Udaltzaingoak Genero Indarkeriagatik egindako ekintzei dagokienez, 2016ko lehen seihilekoan, 50 esku-hartze egin dituzte, 20 pertsona atxilotuz, 18 salaketa jarriz (esku-hartzeen %36) eta 13 babes-agindu eskatuz. Kopuru hauek aurreko urtekoak baino txikiagoak dira, 2015ean 22 babes-agindu eskatu eta 27 salaketa jarri baitziren.

 

Emakumeen Genitalen Mutilazioan lanean

2016an Emakumeen Genitalen Mutilazioaren Prebentziorako Erakunde-arteko Batzordea finkatu eta "Erakunde-arteko Protokoloa gauzatzeko aurrerapausoak eman dira", Bilbo-Basurtu ESIko (Erakunde Sanitario Integratua) pediatria arloko 50 profesional sanitarioren, Bilboko elkarteen eta Munduko Medikuak erakundearen lankidetzaz.

Era berean, Errekaldeko barrutian txertatzeko fasea amaitu da, emakume hauekiko zuzeneko esku-hartzeetan diharduten funtzio publikoko diziplina anitzeko 46 profesional prestatu direlarik. 

 

Prebentzioa "tresnarik onena"

Emakumeen aurkako indarkeria desagertzeko "tresnarik onena prebentzioa da", eta, era berean, prebentzioaren zutabeak, hauek Urtasun zinegotziaren arabera: "Egoera aldatu daitekeelako uste osoa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko balioetan heztea eta baterako lana". Bilboko Udalaren prebentzioaren arloko programetako bat hezkuntzaren eremuan garatzen da. 2015-2016 ikasturtean 32 ikastetxetan egin ziren tailerrok; guztira, 169 ikasle-taldek, 3.431 pertsonak (1.652 neska eta 1.779 mutil), parte hartu zuen eta 46 hitzaldi eman ziren irakasle eta familientzat.

Beste alde batetik, hartzaile berberentzako beste ekimen bat talde feministak ikastetxeetan. 2011-2012 ikasturtean abian jarri zen ekimen honen helburua da berdintasunaren arloan sentsibilizatuta egon eta emakumeen aurkako indarkeria-egoerak eztabaidatzeko gaitasuna duten neska eta mutil nerabeekin talde estrategiko bat sortzea. Horrela, "agente gazte" bihurtu eta euren parekoen artean sentsibilizazio-ekintzak eta prebentziokoak diseinatzen dituzte ikastetxerako, Udalaren laguntzarekin.  

 

Ekitaldi instituzionala

Bilboko Udalak adierazpen instituzionala irakurriko du, modu ireki eta parte-hartzailean, azaroaren 25ean (eguaztena), 12:00etatik 14:00etara bitartean, Arriaga Antzokian. Udalaren eta emakumeen elkarteen ordezkariek parte hartuko dute, eta bertara hurbiltzen diren guztiek aukera izango dute parte hartzeko.

 

Manifestazioa

Azaroaren 25ean, 20:00etan, urtero legez, Arriaga Antzokiko plazan manifestaziorako deia egiten dute Feministen eta Emakumeen Mugimenduak.

 

Informazio gehiago: www.bilbao.net