Bost 'bilbotar ospetsu' berri

uriola.eus 2016ko abe. 14a, 07:25

Bilbo hiriaren izen ona zabaldu duten pertsonen lana saritzen du urtero Bilboko Udalak hainbat laguni 'bilbotar ospetsu' izendapena emanez. 2016ko 'bilbotar ospetsuak' Jose Angel Iribar, Sara Estevez, Xabier Kintana, Jose Antonio Garrido eta Begoña Rueda dira. 

Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, 2016ko 'bilbotar ospetsu' nortzuk aukeratu dituzten jakinarazi zuen abenduaren hasierako Gobernu Batzordearen bileran. Bost lagun dira. Gaur 19:00etan jasoko dute Udaletxeko Arabiar Aretoan alkatearen eskutik 'bilbotar ospetsu' saria "beren ibilbideekin uriko izen ona zabaltzen laguntzen duten pertsonak edo erakundeak omentzeko Udalak ematen duen saririk handiena".

 

Izendapenak 

Jose Angel Iribar, El Txopo, Athleticeko atezain mitikoa, "munduko onenetarikoa". 

Sara Estevez lehenengo kirol kazetari eta kronista, "bere ibilbide baliotsuagatik".

Xabier Kintana, euskaltzaina, filologoa, ikerlaria eta idazlea, "euskararen erabilera sustatu eta erabiltzeko eskubideak zaintzeagatik".

Jose Antonio Garrido, "enpresa-ibilbide garrantzitsua egiteagatik eta Bilboko etorkizunaren alde jardun duen langile nekaezin eta handinahia izateagatik".

Begoña Rueda, "ezgaitasunak dituzten pertsonen eskubideen alde borroka egiteagatik eta Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearekin egin duen lanagatik".

Bilboko Ospetsuen zerrendan, aurtengo bost sarituak barne, 89 lagun daude: musikariak, abeslariak, konpositoreak, historialarik, idazleak, sukaldariak, aktoreak, enpresak, enpresa-zuzendariak, ikastetxeak, zinema-zuzendariak, modako profesionalak, artistak, jatetxeak…

Saria 2001ean hasi ziren ematen, eta Juan Mari Aburtoren taldeak berriro ekin dio lan horri, "Bilboko historia ibilbide eredugarri eta nabarmenekin aberasteko eta, aldi berean, Udalak eman dezakeen sari garrantzitsuenaren bidez esker onak emateko eta ibilbide horiek saritzeko".