Indarkeria sexista

Gizon bat atxilotu dute Bilbon bikotekidea erasotzeagatik

uriola.eus 2016ko abe. 13a, 09:52

Koordinadora Feministak URIOLAri jakinarazi dionez, Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen larunbatean, Alde Zaharreko Erribera kalean, bikotekidea kolpatzeagatik. Astebetean Bilbon jasotako bigarren erasoa izan da, izan ere, asteartean, abenduak 6, 19 urteko neska batek Casilda Iturrizar parkean sexu erasoa jasan izana salatu zuen. 

Larunbatean, abenduak 10, 20:00ak aldera izan zen erasoa eta Erribera kale inguruan zeuden herritarrek eman zioten abisua Udaltzaingoari. Bertaratu zirenean, erasotzailea emakumea kolpatzen ari zen, eta lekuan bertan atxilotu zuten.

Bestalde, 19 urteko emakume batek sexu erasoa jasan izana salatu zuen aurreko astean ere. Erasoa astearten izan zen. Emakumea lagunekin atera zen eta nola jakin gabe, Casilda Iturrizar parkean esnatu zen biluztuta eta minduta. El Correok kaleratutakoaren arabera, burundanga drogaren eraginpean zegoen ikertzen ari dira. Gaztea Basurtuko Ospitalera eraman zuten, eta bertan jarri zuen salaketa.

Udalaren gaitzespena

"Irmotasun osoz" gaitzetsi ditu Bilboko Udalak Erriberako eta Casilda Iturrizar parkeko eraso matxistak. Erasoak "osotasun fisiko eta moralaren kontrakoak izateaz gain, giza-eskubideen urraketa larri eta jasanezina" direla adierazi dute Udaletik eta emakumeei eta euren gertukoei babesa agertu diete. Bukatzeko, erasoak errefuxatzeko ekintzetan parte hartuko duela adierazi du Udalak.