55 plaza berri deitu dituzte Udaltzaingo posturako

uriola.eus 2016ko abe. 20a, 12:15

Udalak Udaltzaingo izateko 55 plaza berri deitu ditu. Oposizio irekiaren bidez beteko dira plaza hauek eta ondoren, prestakuntza eta praktikaldia bete beharko dituzte hautatuek.

Bihar, abenduak 21, 00:00etan hasiko da eskariak aurkezteko epea, gaur, argitaratu baita Estatuko Aldizkari Ofizialean deialdiaren iragarkia. Eskariak aurkezteko prozesua urtarrilaren 18an bukatuko da, 23:59an.

Oposizio honetara aurkeztu ahal izateko baldintzen artean hauexek daude: adinez nagusia izatea, Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua (LOGSE), DBH, Oinarrizko Batxilerra, Oinarrizko Eskola Graduatua, lehen mailako Lanbide Heziketa, Teknikari Laguntzailea, erdi-mailako prestakuntza edo baliokidea edukitzea, eta B gidabaimena edukitzea. 

Deialdi honetako epe eta oinarriei buruzko informazio guztia udalaren webgunean dago. Eskariak ere bertan bete eta bidal daitezke. Aldi berean, erregistrorako bulego bat egokitu da Aznar eraikinean (Venezuela plaza 2) eta bertan jarritako ordenagailuak eta gainerako baliabide teknikoak erabili ahalko dira eskaria aurkezteko, bai eta aholkuak eskatu eta zalantzak argitu ere.

Informazio gehiago: www.bilbao.eus/e-Udala/OPE/Acceso 

Oposizioaren faseak 

Aurrekoetan bezala, Udaltzaingoa agente berriekin hornitzeko lan-eskaintza publiko hau oposizio bidez egingo dute. 55 plaza berrietatik 38k derrigorrezkoa dute euskararen 2. hizkuntza-eskakizuna. 

Oposizioan hiru ariketa derrigorrezko eta baztertzaile egin beharko dira; gainera, borondatezko eta ez-baztertzaileak diren beste ariketa bi izango dira euskara eta beste hizkuntza batzuen ezagutza ziurtatzeko. Honela banatuko dira:

- Test motako azterketa bi (bat ezagutza teorikoena, legeak, udal arautegiak, berdintasuna edo polizia komunitarioari buruzkoa) eta beste bat Bilboko ezagutzari buruzkoa.

- Bigarren azterketan ariketa fisikoak egin beharko dira, malgutasuna edo erresistentziakoak. Horietan gai ala ez gai kalifikatuko dira hautagaiak.

- Pertsonalitateko eta talde-dinamikako ariketa bi eta elkarrizketa pertsonal bat, harremanetarako trebetasuna eta lanerako gaitasunak, enpatia edo ulerkuntza, besteak beste, ziurtatzeko.

Prestakuntzan eta praktikaldian laneko gaitasunaren inguruan eta zerbitzurako jarreraren inguruan eskuratutako trebetasunak, hautagai bakoitzaren lankidetza, elkarlana edo erantzukizuna ebaluatuko dira, bai eta haien oreka-zentzua eta egokitzeko gaitasuna ere, arriskuko edo estreseko egoeretan, besteak beste.

Etengabe aldatzen den plantilla

Udaltzaingoa dozena bat agenterekin hasi zen eta, ia mende bi igarota, gaur egun 766 pertsona ari dira lanean: agenteak, agintariak eta atxikitako administrariak. Horietatik 712 poliziak dira (% 6,9 emakumezkoak dira).

1999tik, Bilboko Udaltzaingoak 9 promozio egin ditu plantilla 300 agenterekin berritzeko. 

1. VIII. promozioa (1999an): 20 plaza. 

2. IX. promozioa (2001ean): 11 plaza. 

3. X. promozioa (2002an): 42 plaza. 

4. XI. promozioa (2002an): 36 plaza. 

5. XII. promozioa (2005ean): 42 plaza. 

6. XIII. promozioa (2007an): 42 plaza. 

7. XIV. promozioa (2008an): 45 plaza. 

8. XV. promozioa (2010-2011n): 34 plaza. 

9. XVI. promozioa (2014-2016an): 28 plaza.