Gazteen Harrapazank programan izena emateko epea ireki da

uriola.eus 2017ko urt. 16a, 13:41

Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak, Euskaltzaleen Topagunearekin batera, berriro ere gazteentzako Harrapazank programa jarriko du abian. Euren talentua eta sormena erakutsi nahi duten 8 eta 18 urte bitarteko gazteek otsailaren 5era arteko epea dute www.harrapazank.eus orrian izena emateko. Horretarako, fitxa bete eta gurasoen berariazko baimena erantsi behar dute.

Harrapazank programaren barruan hauek daude:

1- Distirazank –aurreko edizioetan Harrapazank Eszena deitzen zen- programak kategoria bi ditu: Harrapazank Junior, 8 eta 13 urte bitartekoentzat eta Harrapazank Senior, 14 eta 18 urte bitartekoentzat. Kategoria bietan kastina egingo da gazteek euren talentua erakusteko antzerkian, dantzan, musikan, bakarrizketetan, txisteak kontatzen, bertsotan… Horren ondoren, kategoria bakoitzeko 10 talde aukeratuko dira. Talde horiek maiatzean egingo diren azken galetan parte hartuko dute euren trebezia erakusteko. Gala horietan irabazleak aukeratuko dira eta 500 euroko bi sari banatuko dituzte kategoria eta gala bakoitzean. Aurten, berritasun modura, programa ez da maiatzeko galekin amaituko, uda ostean ere izango da, sorpresekin gainera.

2-Probazank, Harrapazank eta Bilrobot tailerrek osatzen dute.

• Harrapazank, 9 eta 18 urte bitarteko gazteentzako tailerrak, gai hauei buruzkoak: graffitia, DJa, sukaldaritza, smartphone-ekin egindako argazkiak.

• Bilrobot, 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat: errobotikako tailerrak, bideo-jokoak, popping dantza –dantza errobotikoaren erako dantza-.

 •Selfien lehiaketa ere egingo da.

Programa hauetan parte hartzeko izena eman behar da www.harrapazank.eus orrian. Epea gaur, urtarrilak 16, hasiko da eta otsailaren 5ean amaituko da.