uriola.eus

Umeen autonomia areagotzeko eskola-bideak inplementatzeko gida banatuko dute Bilboko ikastetxe guztietan

  Jendartea  Bilbo

Gaur goizean, Eskola Bideen Proiektua abiarazteko gida aurkeztu du Udalak. Programa hori umeen autonomia areagotzeko da ikastetxeetara oinez edo bizikletaz egin ohi dituzten joan-etorrietan eta euren mugikortasun autonomoa sustatzeko inguru atsegin eta jasangarrian. Beraz, umeek hobeto ezagutuko dituzte auzoak eta orientaziorako ahalmena landuko dute, arrisku egoerak bereizten ikasi ahala.

Ekimen honetan Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak, Herritarren Segurtasun sailak, ikasleek eta euren familiek, ikastetxeek, boluntarioek, elkarteek eta auzoetako establezimenduek hartu dute parte.

Aurkezpenean, Alfonso Gil, Alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkariak adierazi duenez, "helduok leku batetik bestera mugitzeko dugun modua ez da umeek dutenaren modukoa. Erritmoak ez dira berdinak eta hori oso kontuan hartu beharrekoa da. Helduek normalean zuzenean egin ohi dituzte ibilbideak; umeak, ordea, non-nahi entretenitu daitezke edozein gauzarekin. Umeek bidea seguru eta inguru atseginagoan egitea da gure helburua".

Eskola-bideen proiektuak, ezarrita dauden Europako beste hiriburu batzuetan bezala, Udalaren apustua dira, umeen autonomia eta segurtasuna areagotzeko eskolarako joan-etorrietan. Horretarako, beste eragile batzuek bilatu dituzte parte har dezaten: talde dinamizatzaileak osatuko dituzten boluntarioak, tutoreak, gurasoak, gizarte-erakundeak eta elkarteak.

Eskola-bideak inplementatzeko gida Bilboko ikastetxe guztietan banatuko da eta bertan markatuko dira proiektu hau abiarazteko orientabideak, printzipioak eta jarraibideak. Irizpide eta gomendio hauek ikastetxe bakoitzaren errealitatera egokitu beharko dira.

Alfonso Gilek jakinarazi du bere sailak proba aurrendaria egingo duela, eskola-bideen proiektu bitan laguntzeko eta bultzatzeko. Proiektuaren bilakaeraren eta partaidetza-mailaren arabera finkatuko dira parte hartzeko irizpideak. Bilakaera eta partaidetza zenbat eta handiagoaa izan, hainbat eta handiagoa izango da Udalak parte hartzeko aukera ere.

"Horrez gain –azaldu du Alfonso Gilek- partida bat bereizi da aurrekontuan, espazio publikoan jarduteko, umeak ikastetxera joatea eragozten duten oztopo guztiak kentzeko. Gure eskola-umeen mugikortasun autonomoa, jasangarria eta segurua sustatu gura dugu, euren orientazio-ahalmena hobetzen eta arrisku-egoerak identifikatzen lagunduta".

Eskola-mugikortasun jasangarria

Umeak ikastetxera edo eskolako autobusa hartuko duten geralekura joateko ibilbiderako erabiltzen den garraiobidearen araberakoak dira eskola-bideak.

Eskola Bideak proiektua Oinezkoen Eskubideen Europako Kartaren barruan sartzen da eta harmonian jarri gura ditu hiria eta pertsonak, ibilgailuaren mende egon ez daitezen. Ikuspegi pedagogikotik Bilbo partaide deneko Hiri Hezitzaileen Sarearen helburuen barruan sartzen da.

Eskola-bideen proiektu hau Mugikortasun Segururako Udal Planaren barrukoa da; izan ere, plan hori baita Bilbon gertatu ohi diren istripuak aztertzen dituena. Pertsona guztien bizimoduaren kalitatea hobetze aldera, hiri osasungarriagoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa bultzatzeko estrategia taxutzen duen Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren barrukoa ere bada proiektu hau. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa