600 gazte inguruk parte hartuko dute gazteen Harrapazank programan

uriola.eus 2017ko ots. 9a, 09:30

Gazteen artean euskara modu erakargarrian eta berritzailean bultzatzeko asmoarekin, Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskaltzaleen Topaguneak (Euskara Elkarteen Federazioak) abian jarri dute gazteentzako Harrapazank programaren hamabigarren edizioa. Ekimen hau 8 eta 18 urte bitarteko bilbotar gazteentzat da eta euren gustuetara egokitutako jarduerak eta euskarazko esperientzia berriak eskaintzen zaizkie.

Harrapazanken barruan programa bi daude: Distirazank, lehen Harrapazank Eszena zena, era ludikoan Bilboko gazteen sormena eta talentua bultzatzeko eta lantzeko; eta Probazank. Honen barruan Sortuzank (graffiti, Dj, sukaldaritza eta smartphonaren bidezko argazkigintza-tailerrak) eta Bilrobot (robotika, Popping Dance eta bideojoko-tailerrak).

Aurten Harrapazank programan askoz parte-hartzaile gehiago egongo dira; guztira, ia 600 gazte. Distirazank talentuen lehiaketan 78 taldek eta horietan 209 pertsonak parte hartuko dute. Sortuzank tailerretan 202 gaztek parte hartuko dute eta Bilroboten 180 gaztek.

Distirazank

209 gazte arituko dira talentuen Distirazank lehiaketan, 78 taldetan banatuta. Lehiaketa kategoria bitan banatzen da: Junior, 8 eta 13 urte bitarteko gazteentzat. Guztira 158 gazte arituko dira, 43 taldetan banatuta:

• 29 taldek dantzarekin zerikusia duten ikuskizunak burutuko dituzte.

• 11 taldek musika-ikuskizunak eskainiko dituzte.

• 3 talde antzerkian arituko dira.

Senior, 14 eta 18 urte bitartekoentzat. Guztira 51 gazte arituko dira, 28 taldetan banatuta:

• 8 talde dantza-arlokoak.

• 17 taldek musika-ikuskizunak eskainiko dituzte.

• 2 izango dira antzerkian arituko diren taldeak.

Talde guztiek entseguak egingo dituzte, otsailaren 13tik martxoaren 3ra, Bilboko udaletegietan; eta 9 artista profesionalen laguntza izango dute, Ugaitz Alegria, Ines Bermejo, Eire Larrea, Andrea Covadonga, Urtza Zuazo, Jon Casamayor, Iñaki Maruri, Iratxe Urkiaga eta Koldo Olabarrirena.

Entseguz betetako hilabete baten ondoren, martxoaren 13tik 21era egingo dira hautaprobak Bilborock aretoan, eta kategoria bakoitzeko 10 talde aukeratuko dira. Horiek erakutsiko dituzte beren trebetasunak azken emanaldietan. Hautaprobak jendearentzat zabalik egongo dira eta 17:00etatik 20:00etara izango dira.

Finalera igarotzen ez diren parte-hartzaileek arteen eta kulturaren arloetako profesional batekin ikasten jarraitzeko aukera izango dute sakontze tailer batean, Begoñako Udaltegian apirilaren 6an; eta bideo bat grabatuko dute. Beste alde batetik, finalistek, apirilaren 7an, Begoñako udaltegian, Master Class bat jasoko dute azken emanaldirako zalantzak argitzeko eta beldurra kentzeko.

Emanaldiak maiatzean izango dira. Seniorren emanaldia maiatzaren 6an eta juniorren emanaldia maiatzaren 7an izango dira, biak Bilborock aretoan. Epaile artista hauek arituko dira: Xabi Hoo, Ylenia Baglietto eta Ugaitz Alegria. Aurkezlea Miren Gastañaga antzezlea izango da eta kategoria bakoitzean 500 euroko sari bi emango dira.

Probazank

Tailer-multzo bi ditu: Sortuzank eta Bilrobot.

A) Sortuzank

Tailer horiek 9 eta 18 urte bitarteko gazteentzat dira. Graffiti, Dj, sukaldaritza eta smartphonaren bidezko argazkigintza-tailerrak dira. Plaza-kopurua handitu da aurten eta 202 pertsonak eman dute izena. Otsailean eta martxoan izango dira tailerrak.

- Graffiti-tailerra: Otsailaren 10etik 17ra Euskalduna zubiaren azpian.

- DJ tailerra: Otsailaren 24an, Abandoko udaltegian; eta martxoaren 24an, Basurtuko udaltegian.

- Smartphone bidezko argazkigintza-tailerra: Martxoaren 3an, Ibaiondoko udaltegian; eta martxoaren 24an, Basurtuko udaltegian.

- Sukaldaritza-tailerra:

• Pizza egiten ikasteko tailerra: martxoaren 3an Abandko udaltegian.

• Pintxoak egiten ikasteko tailerra: martxoaren 10ean San Frantziskoko udaltegian.

• Postreak egiten ikasteko tailerra: martxoaren 17an San Frantziskoko udaltegian.

• Munduko sukaldaritza: martxoaren 31n San Frantziskoko udaltegian.

B) Bilrobot

Bilborot 8 eta 12 urte bitarteko gazteentzat da. Robotika-tailerrak: 'Nire lehenengo robota'; bideojokoak eta popping dantza (dantza robotikoa). Iaz proba pilotu gisa eskaini zen ikastetxe batzuetan eta eskaera handia ikusita, aurten plaza-kopurua handitzea erabaki da. Guztira 180 plaza dira. Tailer hauek otsailetik maiatzera bitartean izango dira Ibaiondo eta Begoñako udaltegietan eta San Ignazioko Euskararen Etxean.

Aurten ere eskaera uste baino handiago izan da. Guztira 693 gaztek izena eman zuten baina 180 izango dira azkenean tailerretan parte hartuko dutenak.

Programa guztien helburua da euskararen erabilera gazteen artean sustatzea eta bertan parte hartzeko izena eman behar izan da www.harrapazank.eus webgunean, gurasoen baimenarekin. Tailerrak amaitu ondoren, maiatzaren 26an, erakusketa bat izango da Euskararen Etxean.

Zenbait plaza hutsik

Tailer batzuetan oraindik gelditzen dira plaza batzuk betetzeko. Hori dela-eta, tailer horietan parte hartu nahi duten gazteek izena emateko epea luzatu da otsailaren 28ra arte. Ez dira plaza asko; baina epea luzatu da ahalik eta gazte gehienek parte hartzeko aukera izan dezaten.

Hauexek dira tailerrak:

• Bilrobot: Popping dantza.

• Sortuzank: DJ, Smartphonaren bidezko argazkigintza eta pintxoak egiten ikasteko tailerra.

Aurten berriak

Harrapazank programaren hamahirugarren edizio honek jarraipena izango du udaren ostean. Aurreko urteotan emanaldiak izan ziren programaren amaiera. Aurten jarraipena izango du programak udazkenean. Hiru jarduera berri izango dira:

1- Selfie lehiaketa

Abenduaren 31ra arte selfieak bidal daitezke Harrapazankek Instagramen duen sare sozialera. “Gustukoa dut” sakatzeko aukera egongo da eta hil bakoitzean “gustukoa dut” gehien duenak sari bat irabaziko du. Guztira hamabi betaurreko birtual banatuko dira, hilean bat. Irabazle suertatutako argazkiez 2018ko Harrapazank egutegia egingo da.

Instagramen argazkiak eskegi eta lehiaketan parte hartu nahi duten gazteek hastad-ean hauxe jarri beharko dute: #Harrapazank #Dozena1selfie. Sari-banaketa abenduaren 2an, Bilborock aretoan, Harrapazank Txalofest jaian.

2- Izarren Hautsa akademia

Distirazank udazkenean ere izango da. 9 eta 18 urte bitarteko gazte bilbotarrek aukera izango dute akademia horretan parte hartzeko; hain zuzen, euren musika, dantza edo antzerkiko trebetasunak hobetzeko. Urrian eta azaroan izango da Izarren Hautsa Akademia. Bilboko udaltegi batzuetan izango da.

60 gaztek parte hartu ahalko dute eta saioak eskaini abenduaren 2an, Bilborocken, Harrapazank Txalofest jaian. Bideoklip bat ere grabatu ahalko dute eta bideoklip hori Txalofest jaian erakutsiko da.

3- Klikazank lehiaketa

Hirugarren nobedadea aurten Internet bidezko Klikazank lehiaketa izango da. Euskara sare sozialetan eta Interneten erabiltzea izango da programa honen helburua.

Urrian eta azaroan izango da. Parte-hartzaileek 4 proba egin beharko dituzte ezarritako epean eta emaitzak posta elektronikoz bidali beharko dituzte. Gazteek 12 urtetik gorakoak izan behako dute. Parte-hartzaileen artean zozketa bat egingo da eta abenduaren 2an Harrapazank Txalofest jaian teknologia berriekin zerikusia duen sari bat irabazteko aukera izango dute. Saria, adibidez, tablet bat izan daiteke.

Informazio guztia webgune honetan dago: www.harrapazank.eus. Edozein modalitatetan parte-hartzeko gurasoen baimena behar da.