30 urte bete dituen Askapenak 2017ko brigadak aurkeztuko ditu

uriola.eus 2017ko ots. 10a, 13:39
Argazkia: askapena.org

Hitzordua arratsaldean dute Bilbo Zaharreko plazan. Askapenako kideek 19:00etan aurkeztuko dute Goizalde tabernan 2017ko brigaden kanpaina. 

Aurtengo kanpainan "azken urteotako dinamikarekin jarraitzea" da Askapenaren asmoa. Alde batetik, Abya Yalako prozesuen jarraipena egingo dute "hauek bizi duten egoera ezegonkorrari aurre egin eta Argentina/Uruguai, Bolibia, Brasil, Mexiko eta Venezuelan dauden erresistentzia esperientziak ezagutzeko". Brigada horiei aurtengoan Kubarako brigada gehitu diote. 

Bestalde, Europan, Herrialde Katalanetako brigadarekin batera, berrikuntza gisa, Bretainia-ZAD eta Italiako brigadak antolatu ditu Askapenak, "kapitalaren Europan herri zapalduetatik sortzen diren alternatibak ezagutarazteko".

Azkenik, urtero legez, Palestinara ere brigada izango da, "sionismorik gabeko Euskal Herria sortze bidean palestinar erresistentzia ezagutu eta Euskal Herrian BDZ kanpaina zabaltzeko".

 

30 urteko bidea

Askapena euskal erakunde internazionalista 1987an Iraultza Sandinistaren epeletan sortu zen. Herrien arteko joan-etorriko elkartasuna bultzatzea du xede, Euskal Herria eta gainerako herri langile eta zapalduekin zubiak eraikiz.

30. urteurren honetan, Askapenak "borrokak uztartzen jarraitzeko asmo garbia" azaldu du, eta horregatik antolatu ditu beste behin ere brigadak "munduko prozesu emantzipatzaile ezberdinak ezagutu eta gerora Euskal Herrian ezagutzera emateko". Hori dela eta, Askapenako kideek Euskal Herriko internazionalista guztiei dei egin diete "gurekin batera brigadetan parte hartu eta Euskal Herriko borrokak gainontzeko herrietako borrokekin uztartzeko".

 

askapena.org

 

Izena emateko: brigadak@askapena.org