14 eta 25 urte bitarteko gazteek ‘Zure estiloari eutsi’ rap lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute

uriola.eus 2017ko ots. 17a, 09:40

Abian da 'Batalla por tu estilo-Zure estiloari eutsi', 14 eta 25 urte bitarteko gazteen trebetasuna inprobisatutako saioetan (free style) neurtuko duen rap lehiaketa. Lehiaketa modalitate bitan egingo da (euskaraz eta gaztelaniaz); balioak sustatu nahi ditu eta raparen irudi positiboa eta sortzailea transmititzea, adierazpen kulturala den neurrian.

Asociacion Junior Empresa Newen enpresak (7 mutil eta 7 neska gazte) proposatutako ekimena da eta Bilboko Udalaren Ideiak Martxan programaren barruan dago. Ekimen horren helburua da gazteek gazteentzat proposatutako ideiak erabiltzea udal programazioa aberasteko, Bilbao Gazte ekimenaren garapenaren inguruan.

Lehiaketan izena ematea

Izena emateko epea gaur, hilak 17, zabalduko da eta otsailaren 27an bukatuko da. Interesdunek mezu bat bidali behar dute batallaportuestilo@gmail.com helbidera. Bertan, datu pertsonalak eta bideo bat erantsi beharko dute, bakarka inprobisatzen edo beste lehiaketa batean agertzen diren bideoa (gehienez ere 3 minutuko iraupenekoa).

Inprobisazioaren testuak jatorrizkoak izango dira eta euskaraz edo gaztelaniaz garatuko dira. Hautagai bakoitzak hizkuntza bakoitzeko bideo bat bidal dezake.

Sailkapeneko fasea eta finalerdia

Izena emateko epea bukatzen denean, raparen munduari lotutako hiru gaztek bideoak ikusi eta sailkapeneko fasean parte hartuko dutenak aukeratuko dituzte. Gaztelaniazko hamasei eta euskarazko hamasei izango dira; hala ere, epaimahaiak kopuru hori alda edo aukeratutako pertsonen kopurua igo dezake, gehienez ere hirurogeita lauraino. Martxoaren 1ean Bilbao Gazteren webgunean eta sare sozialetan argitaratuko dira sailkatutakoen izenak.

Bideoak eta zuzeneko emanaldiak aukeratzeko irizpidea proposamenaren kalitatea izango da eta bereziki baloratuko dira argitasuna, buru-zorroztasuna eta kiroltasuna, bai eta raparen irudi positiboa eta sortzailea ematea ere. Era berean, zuzeneko emanaldietan adierazpen iraingarriak, mingarriak edo/eta diskriminatzaileak erabiltzen dituztenak zigortu edo kanporatu ditzake epaimahaiak.

Sailkapeneko fasea Deustuko Udaltegiko areto nagusian egingo da (Agirre Lehendakariaren etorbidea 42) martxoaren 3an, 10ean, 17an eta 24an, arratsaldeko 18:00ak eta 21:00ak bitartean. Sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte. Leku berean eta ordu berean egingo da martxoaren 31an modalitate bietako finalerdia. Hortik aterako dira hizkuntza bakoitzean irabazteko lau hautagaiak.

Finala eta sariak

Finala apirilaren 28an izango da Bilborock aretoan, 20:00etan hasita. Sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte. Aukeratutako finalistek estatuko 12 raperoekin arituko dira eta, lehiaketa honetaz gain, joera desberdinetako raperoen erakustaldiak eta DJ baten emanaldia izango da. Izan ere, jaia 01:00ak arte luzatuko da #BilbaoGazteNight-aren aisialdiaren eskaintzaren barruan. Modalitate bakoitzeko irabazleak 300 euroko saria jasoko du.

Ideiak Martxan deialdia

Lehiaketa hau #IdeiakMartxan deialdiaren barruan dago, Bilboko Udalak antolatu eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera finantzatzen duen ekimena. Horren helburua da uriko gazteak eta gazteen elkarteak ekimen sortzaileak prestatzera eta egitera animatzea, udalak gazteei zuzendutako eskaintza aberasteko.

Horrela, bada, Bilboko Udalak uriko gazteekin elkartzeko lekuak sortu nahi ditu, udalaren politikak ikuspuntu integral batekin diseinatzeko, lehenesteko eta haiekin partekatzeko, gazteentzako programazioa lantzeko espazioa sortuz.

Hortaz, Ideiak Martxan programaren deialdia 14 eta 35 urte bitarteko gazteentzat da. Horiek bakarka edo taldeak aurkez ditzakete proposamenak, taldeko pertsonaren bat Bilbon erroldatuta badago. Programa honek ez ditu profesional finkatuak bilatzen, ekimena eta proposamen berritzaileak eduki eta horiek beste gazte batzuekin partekatzeko gogoa daukaten gazteak baizik.

#IdeiakMartxan deialdian parte hartu nahi dutenek urte osoan aurkez ditzakete beren proposamenak, posta elektronikoz (ideiakmartxan@bilbao.eus) edo proiektua deskribatzeko fitxa bat betez www.bilbaogazte.bilbao.eus loturan.

Proposamena jasota, Bilboko Udalaren Gazteria eta Kirol Saileko teknikariek proiektuaren egileekin batera aztertuko dute, zehaztasunetan sakontzeko, zalantzak argitzeko eta bideragarritasuna aztertzeko. Udalak uste badu ideia interesgarria dela eta abian jar daitekeela, udaleko profesionalek gazteekin arituko dira lankidetzan, ideia hori urteko programazioan sartzeko.

Bilbao Gazte

Bilbao Gazte udal gobernuaren konpromiso estrategikoa da, Bilboko gazteen pentsamenduak, beharrizanak eta itxaropenak zeintzuk diren jakiteko. Gero, horiek udal politikan sartzea da helburua, gazteei bizitza publikoan parte hartzeko bideak emanez.

Horretarako, Udalak komunikaziorako tresna berriak prestatu ditu: profilak sortu ditu sare sozialetan (Facebook, Twitter, Google + eta Youtube) eta webgune bat egin du, gazteei eragiten dieten politika espezifikoei buruzko informazio baliagarria emateko.