uriola.eus

Asier Serranok partekatzen ez diren sentimenduei buruzko ikuskari literario-musikala eskainiko du

Arriagako Gelatxoen hurrengo protagonista Asier Serrano izango da, 'Literatura eta Musika Euskaraz' zikloaren baitan. Serrano idazle gisa ezaguna da eta baita musikari bezala, izan ere Lorelei pop taldearen buru izan zen duela urte batzuk. Datorren asteartean, otsailaren 21ean, 20:00etatik aurrera, bere Linbotarren itzalak ate ostean izenburuko emanaldia gauzatuko da Arriaga Antzokiko foyerrean.

Izan ere, Asier Serranoren Ate osteko itzalak eta Linbotarrak azken poema liburuetan oinarritutako ikuskari literario-musikala da Linbotarren itzalak ate ostean. Musika munduan eskarmentu handiko Antxon Sarasua, Miren Fernandez eta Asier Serrano beraren ibilbidearen hamar abesti birmoldatuk osatzen dute ikuskizunaren hezurdura; eta abestien tarteetan errezitatzen dituzten poemek bidaia intimo gazi-gozora eramango dute entzulea. Hiru artisten ahotsa izango da entzungai ikuskizunean, eta baita instrumentuen bidezko ekarpena ere. Antxon Sarasuak teklatuak (programazioak barne) eta gitarra joko ditu, Miren Fernandezek teklatuak eta Asier Serranok gitarra.

Iradokitzailea bezain gordina eta biluzia izan nahi duen ikuskarian, egungo gizartean partekatzen ez diren sentimendu unibertsalak izango dituzte hizpide hiru protagonistek, batzuetan umore suminkorrez, bestetan samindura surrealistaz, baina beti egiazkotasun iraingarriz. Bereziki ikuskizunerako sortutako musika pieza erogarrien laguntzaz, eta agertokiaren espazioa beteko eta aldi berean hustuko duten irudi sarkorren bidez, ikuslea odol-haragizkoago bihurtuko duen sentikaria da Linbotarren itzalak ate ostean.

Emanaldirako sarrerak 12 eta 15 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa