Ingeniaritza Eskolako teilatuan protesta burutu dute 100 bat ikaslek Herri Unibertsitatea aldarrikatzeko

uriola.eus 2017ko ots. 23a, 15:21
Argazkiak: Herri Unibertsitatea @HUnibertsitatea

Goizaldean jaitsiarazi eta kanporatu dituzte ertzainek Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko eraikinetik. Guztira, 200 bat gazte identifikatu dituzte. San Mameseko fakultutatean Herri Unibertsitatean parte hartzen ari dira egunotan ehunka ikasle. Ingeniaritza Eskolako zuzendaritzak emandako desolojo aginduaren aurrean "desobeditzeko" teilatura igo direla adierazi dute gazteek. 

Hitzaldi, tailer eta mahai inguruak antolatu zituzten atzokoan Herri Unibertsitatearen baitan Ingeniaritza Eskolan. Besteak beste, fakultatean bertan lo egiteko asmoa ere bazuten ikasleek. Arratsalderako zabaldu zen balizko desalojoaren zurrumurrua, eta ordurako Ertzaintzaren presentzia nabaria zen. 

Herri Unibertsitateko kideek gelak erabiltzeko baimena zuten, baina arratsaldeko hitzaldiak hasi baino lehen bedelak "izenak eskatzen hasi zitzaizkigun", esan dio URIOLAri Herri Unibertsitateko kide batek. Izenik ez ematea erabaki zuten eta irekita zeuden gelak erabiltzea. "Bedelak ixten saiatu ziren, baina azkenean ez zituzten itxi". 

Desalojo agindua ziurtatzean, asanbladan erabaki dute gauerako prestatuta zituzten jarduerak bertan behera uztea eta Ingeniaritza Eskolako zuzendaritzak emandako desolojo aginduaren aurrean "desobeditzea". 22:00-23:00 bitartean 100 bat lagun teilatura igo dira. Ertzaintzaren presentzia handituz joan da. 15 bat fula izan dira San Mameseko hustuketan parte hartu dutenak. 

Goizaldean ikasleak eta ertzainak "hitz egiten egon gara". 05:00ak aldera atera dira eraikinetik gazteak, Ertzaintzak identifikatu ostean. Guztira, 200 bat gazte identifikatu dituzte.

Fakultate kanpoaldean hainbat ikaslek babestu dituzte teilatuan zeuden kideak, eta Herri Unibertsitateak bere Twitter kontuan (@HUnibertsitateazabaldu duenez, "Ertzainak bat-batean kanpoan zegoen ikasleen aurka oldartu da eta ikasle bat identifikatu du". 

Motxilen eta Herri Unibertsitateko materialaren "lapurreta" ere salatu dute. "Ertzaintza ikasle guztien motxilak lapurtzen ari da. Fula batean sartzen ari dira Herri Unibertsitateko material guztia".  

"Erantzunkizun osoa" San Mameseko zuzendaritzarena

Gertaera hau "beste behin, sistema kapitalistaren baitan" kokatu dute Herri Unibertsitateko kideek ohar baten bidez. "Produkzio eredu honi, hain zuzen ere, ez baitzaio interesatzen Herri Unibertsitatean garatuko dugun jakintza ekoizpena barneratzea". 

San Mameseko zuzendaritzari leporatu diote ikasleek egoeraren "erantzunkizun osoa". Era berean, Nekane Balluerka errektoreari galdegin diote Herri Unibertsitatearen "alde eta desalojoaren aurka dagoen" publikoki adieraz dezala. 

 

Gaurko jarduerak Karmelan

Hainbat jarduera antolatuta zeuzkaten gaurko Herri Unibertsitatearen baitan. "Plana aldatzea" erabaki dute antolatzaileek eta San Mamesen egin ordez Santutxuko Karmelan egingo dituzte eguerditik aurrera. 

 

 

[2017-02-22] Bigarren egun emankorra Herri Unibertsitatean

[2017-02-20] [Jarraipena] Bilboko Herri Unibertsitatea 2017

[2017-02-06 Bilboko Herri Unibertsitatea 2017

[2017-02-05] Bilboko Herri Unibertsitatea – Aurre Informazioa