Ibilgailuen azterketa teknikoak kontrolatzeko kanpaina abiaraziko du Udaltzaingoak

uriola.eus 2017ko mar. 24a, 07:45

Astelehenean, martxoak 27, hasi eta apirilaren 2ra, igandea, bitartean, Bilboko Udaltzaingoak Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) kontrolatzeko kanpaina jarriko du abian, Euskadiko Bide Segurtasun eta Mugikortasunerako Plan Estrategikoaren barruan.

Pneumatikoen egoerari eta higadura-mailari emango zaio arreta berezia, batez ere itsaspenari, ezinbestekoa baita zorua bustita dagoenean istripuak ekiditeko, bai eta argiei ere. Horrez gain, ekimen honen helburua da gidariak bolantean daukaten erantzukizunaren inguruan kontzientziatzea eta bideko segurtasuna bermatzea.Bilboko Udaltzaingoaren Trafiko eta Koordinazio Dibisioak jasotako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira modu estatistikoan kudeatzeko eta horretarako ezarri diren adierazle batzuekin tratatuko dira.

2016an egindako kanpainen datuak

2016an Ibilgailuen Azterketa Teknikoa kontrolatzeko hiru kanpaina egin ziren. Udaltzaingoak 181 ibilgailu ikuskatu zituen eta horietako 44 ibilgailuri, hots, %24,3ri, salaketa jarri zitzaien IAT epe barruan ez pasatzeagatik.