Gose greba babestu eta Eusko Jaurlaritzak egindako murrizketa salatu dute kolektibo eta sindikatuek

uriola.eus 2017ko api. 5a, 10:30

Erabateko babesa jaso dute gaur Naxako karpako ekintzaileek gose grebaren 13. egunean. Gizarte eragile eta sindikatu guztiek babestu dute Ez dugu irentsiko, RGI murrizketarik ez ekimena. Goizeko agerraldi jendetsuan Eusko Jaurlaritzari eskatu diote gizarte zibilarekin elkarrizketa-bide bat ireki dezala lehenbailehen. "Ez baita justua ezta solidarioa gure jendarteko herritar pobretuak, krisi garai honetan, eskubideak eta baldintzak murriztuta izatea".

Ez dugu irentsiko, RGI murrizketarik ez ekimenaren barruan, egun, gose greban diren hiru lagunek adierazi dute "beharrezkoa dela denok elkarrekin eta publikoki plazaratzea" bai Lehendakariari bai Eusko Jaurlaritzari "premiazko" deia "gizarte zibilarekin elkarrizketa-bide bat ireki dezan lehenbailehen, egungo murrizketa politika leheneratzeko, eta euskal babes-sistemaren eta Lanbideko bulegoetan egunero ematen den araudiaren urratzearen inguruan elkarrizketa zintzo bat izateko". 

Joan den astean gose grebalariek Lehendakariari karta bat igorri zioten bilera eskatuz, eta oraindik ez da erantzunik jaso. 

Erakunde sindikalek, kolektibo sozialek, pentsionisten kolektiboek eta Ekain-Inklusio sozialerako sareak babestu dute grebalarien eskaera.

 

Hamairu egun

Hamahiru egun ezer jan gabe, ura edanaz bakarrik, hiru pertsona hauen osasunarekiko kezka azaldu dute gizarte eragileek eta sindikatuetako ordezkariek. "Baina gehiago kezkatzen gaitu Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentarekin (DSBE) bizirik dirauten 63.000 familiak baino gehiagok pairatzen duten egoera". DSBEren zenbatekoa ez bada aldatzen aurtengo aurrekontuetan –esan dutenez–, familia horiei jasotzen duten laguntzaren zenbatekoa %15ean murriztuko dietela aurreratu dute. "Ez da justua ezta etikoa pertsona prekarizatuak eta pobretuak izatea eskubideen murrizketaren lerma eta bizi-baldintza kazkarrak pairatu behar dituztenak izatea egoera korapilotsuenetan". 

Ildo horretan, babesle guztiek exijitu dute "Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak (LGS) izan duen igoera berberean DSBE igotzea". Baita ere, azken bost urteotan, Lanbidek kudeatzen dituen prestazioek (Enplegu Pizgarriak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, Pentsioen Osagarria eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria) izan duten "%7ko murrizketa bertan behera uztea".

 

Babesleak

■ Ekain-Inklusio sozialerako sarea

• Euskadiko GGE: Euskadiko GGKEn koordinakundea.

• EAPN Euskadi: pobrezia eta baztertze sozialaren aurkako Europako sarea Euskadin.

• Gizartea: Euskal Herriko txertatzerako enpresen elkartea.

• Harresiak Apurtuz: etorkinak laguntzeko GKE.

• Hirekin: ekimen eta esku-hartze sozialerako erakundeen elkartea.

• REAS Euskadi: ekonomia alternatibo eta solidarioen sarea.

Sare hauek esparru desberdinetan diharduten 300 erakundetik gora biltzen dituzte eta 10.000 pertsonatik gora dituzte (profesionalak eta boluntarioak): Jendarte-inklusioa, enplegua, zerbitzu sozialak, garapenerako lankidetza, pobrezia eta baztertze sozialaren aurkako borroka, garapen komunitarioa, ekonomia solidarioa, eta abar.

■ Gizarte eragileak

Argilan-ESK, Argitan (Emakumearen Aholkularitza Etxea, Barakaldo), Bilboko Koordinakunde Feminista, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea, Baietz Basauri!, Berri-Otxoak (Barakaldo), Brujas y Diversas, Danok Lan (Galdakao), Elkartzen, Munduko Munduak, Posada de los Abrazos/Besarkatuz, Bizkaiko SOS Arrazakeria eta PAH Bizkaia-Kaleratzerik EZ!

■ Pentsionisten elkarteak

Pentsionistan Martxan Bizkaia, Arabako Pentsionistak Lanean, Gipuzkoako Duintasuna Elkarteak.

■ Sindikatuak

ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS eta CGT. 

 

[2017-04-04] Sabin Etxearen aurrean salatu dute Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren murrizketa

[2017-03-29] Seigarren eguna gose greban "murrizketen aurka"

[2017-03-24] Gose greba hasi dute zortzi lagunek Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren murrizketak salatzeko