Oier Gomezen etxeratzea aldarrikatuko dute Arriaga plazan

uriola.eus 2017ko api. 21a, 06:00
Argazkia: Sare‏ @sare_herritarra

Gaixotasun larria du Oier Gomez euskal presoak. Epaileak astelehenean erantzungo dio bere zigorra eteteko eskariari. Bitartean, Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan Gomezen etxeratzea eskatzeko mobilizazioak deitu ditu Sare dinamikak. Bilbon, gaur, 19:30ean, Arriaga plazan. 

"Oso larri" dago Oier Gomez. Minbizia du, Ewingen sarkoma. Sendagileek buruan eta aldakan metastasia aurkitu diote eta sei hilabeteko bizi itxaropena eman diote. Parisko Pitie-Salpetriere ospitalean dago Gomez, espetxe zerbitzu ospitalizatuan.

"Larriki gaixo dauden euskal presoak etxeratzeko" eskatu du Sare dinamikak hainbat aldiz. Besteak beste, joan den asteartean, Frantziak Bilbon duen kontsulatuaren aurrean eginiko elkarretaratzean. Frantziako kontsulari Sareko ordezkari Amets Martinezek sinatutako gutuna eman zioten. Idazkian, euskal presoen eskubideen aldeko plataformak jakinarazi dio Frantziako ordezkariari euskal gizartea "behin eta berriro" agertu dela gaixo handi diren presoak askatzearen alde, eta, hori "gizalegezko neurria" izateaz gain, "azken urteotan ehundutako bake eta bizikidetza giroari ekarpena" egitea ere izango litzatekeela. 

Gutunaz gain, Gomezen auziaren inguruan instituzio eta erakunde ugarik hartutako ebazpen eta adierazpenen txosten bat ere helarazi diote Frantziako kontsulari, "Oier Gomezen eskubideen aldeko aldarriak biltzen duen adostasunaren erakusgarri".

[2017-04-18] Oier Gomez preso gaixoaren berehalako askatasuna eskatuko dute