Kontseilu Sozialistak BBK Live jaialdiko langileen prekarizazioa gaitzetsi du

uriola.eus 2024ko uzt. 10a, 12:29

Jaialdiak ia 100 milioi euro fakturatu eta 10.000 langile kontratatzen ditu urtero, lan-baldintza prekarizatuen titularrak biltzen dituen bitartean.

Kontseilu Sozialistak eta Laneko Autodefentsa Sareak BBK Live jaialdirako Last Tour antolatzaileak kontratatzen dituen langileen baldintzak salatu ditu. BBK Live-rekin batera, Madrid Live, BIME, Pirineos Sur eta Azkena Rock-en gisako makrojaialdiak antolatzen ditu Lat Tourrek, eta espainiar estatuko musika emanaldien, ikuskizunen eta artisten kontzertu nagusien zati handi baten onuradun da. Azken urteotan kritika asko jaso izan ditu musika arloa monopolizatzeagatik, tokian tokiko eszenetan honek duen eraginagatik, eta, horrez gain, disketxe, kontzertu areto eta argitaletxe propioa ere sortzeagatik. Etengabeko hazkundearen moldetik bizi du musika eta sorkuntza Last Tourrek.

Jon Urzelai Urbietak 2023an biluztu zuen Last Tourren makineria 2023an plazaratu zuen Su Festak liburu arrakastatsuan, hala ere, enpresa euskaldunak aurrera darrai nazioarteko makroenpresen eredua bertan ere zabaltzen. Aste honetan ospatuko den BBK Livek ere gatza bota du euskal musika industria sostengatzen duten langile apalenen zaurietan berriz ere; izan ere, Kontseilu Sozialistak eta Laneko Autodefentsa Sareak salatu dutenez, jaialdiak urtero fakturatzen dituen 100 milioi euroak 10.000 langile baino gehiagoren baldintza eskasen kontura sortzen dira urtez urte, “17 ordura arteko lan-ordu luzeak, ordkuko 4 eta 5 euro inguruko soldatak edota baldintza penagarrietan lo eta jan egitera behartuak izatea, askotan lan kontraturik gabe”.

Jon Urzelaik salatutako “makrojaialdi” molde kontsumistak urteak daramatza gorazko etengabean, bertako kontzertu aretoak ixten ari diren bitartean, udako jaialdi erraldoien zirkiutoa hauspotzen. Bira luzeen gastuei ezin aurre egin, bertako eta nazioarteko talde txiki eta ertainei mugatu egin zaizkie bideak, “mikroak” tokia galdu du “makroaren” joko zelaian. Hala, makrojaialdietako langileek ere ez ote dute ordaintzen eskaintza erraldoi hauen prezioa.

Kontseilu Sozialistak eta Lanerako Autodefentsa Sareak Last Tourrek Bilboko Udalaren oniritziarekin dakarren langileen prekarizatzea salatuko dute bihar, hilak 11, 19:00etan EITB-ko egoitzan egingo duten elkarretaratzean.