Alex Arregi, Gure Esku Dago: "Harrituta nago Bilboko erantzunarekin"

uriola.eus 2014ko mai. 19a, 12:52
Erabakitze eskubidearen aldeko ekainaren 8ko giza katea baino lehen, hainbat dira abian jarri diren tokian tokiko herri ekimenak. Bestek beste, joan den larunbatean Deustu eta San Inazioko herritarrak batu zituena. Gure Esku Dagoko Alex Arregi koordinatzaileak Bilboko datuak eta bilbotarrentzako oharrak eman dizkigu.

"Pozik" eta "harrituta" dago Alex Arregi ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katean Bilbok duen "erronka potoloari" eman dion erantzunagatik. "Hiria izanik, deserriratze ezaugarriekin, 10 kilometrori aurre egitea" egokitu zaio eta, banakako atxikimenduak pilatuz, Bilbok egun "10 kilometroak betetzeko ez du arazorik izango". 

Hiru asteren faltan, Bilboaldean hainbat ekimen antolatu dituzte Gure Esku Dago lantaldekoek. Besteak beste, joan den larunbatean Sarrikoko kontserbatorioan 200 lagun bildu zituena. Maiatzaren 30ean, Indautxun giza-katea egitekoak dira eta maiatzaren 31n Olabeagan "erabakitzeko eskubidearen aldeko jaia".
19:00etan triki poteoa eta futbolin txapelketa antolatu dituzte Olabeagan eta 20:00etatik aurrera "jaia" Amets Gorrin. Koktel bereziak, musika, pintxoak eta "izugarrizko giroa" aurreikusi dituzte.