Zuzeneko dozena bat musika emanaldi eskainiko ditu Deustuko Zona Especial Nortek

uriola.eus 2015ko urt. 30a, 10:55

Naroa Gaintza eta David Nanclaresen 22M² taldearen kontzertuak emango dio hasiera gaur Zona Especial Norte musika jaialdiari. Hirugarren urtez, ZENek jendea etxetik atera eta taberna eta elkarteetako giroa berotuko ditu Deustu ipar zonaldean, Ramon y Cajal eta Luzarra kaleetan.

Lehen Zona Especial Norte (ZEN) jaialdia "oso herrikoia" izan zen, "bat-batekoa", "auzoa animatzeko" sortua. Iker Mujika ZENeko kidearen esanetan "ondo atera zen". Bigarrenak aurrekoari jarraipena eman zion eta, hirugarrenean -aurten-, "hobeto antolatu gara". Hasierako antolatzaileek ardura utzi dute eta antolaketaren "ardura Ramon y Cajal eta Luzarra kaleetako tabernari batzuk, Gazte Lokalak eta Berbaizu euskara elkarteak" hartu dute. Lantalde hori da denboran luzatu nahi duten jaialdia egonkortzeko oinarria.

Negu hotz eta goibeleko "asteburu batean, behintzat, auzoari pixka bat giroa ematea" du ZEN musika jaialdiak xede. "Beti ere, ikuspuntu herrikoi batetik". Hortaz, urtarrileko azken asteburu honetan, gaurtik hasita, euriak ez ezik musikak ere bustiko ditu Ramon y Cajal eta Luzarra kaleak.

 

Inguruko musika taldeen erakusleihoa

Estilo eta gustu ezberdinetako musikariak biltzen saiatzen dira ZENeko antolatzaileak. Musikari gehienak etxekoak dira, auzotarrak, Deustualdekoak. Baina badaude ingurutik edota urrutitik etorritako taldeak ere. Aurrekontu txikiarekin hiru eguneko doako jaialdia atontzea ez da erraza, baina auzolanean eginez, ezinezkoa posible bihurtzen da.

 

Zona Especial Norte III - Egitaraua

Urtarrilak 30 ostirala

- 22M2 (Naroa Gaintza). Müller, 19:00

- RAMONTARRAK. Gazte Lolaka, 21:00

Urtarrilak 31 larunbata

- KALEJIRA-ZURIPOTEAOA. Ramon y Cajal eta Luzarratik, 13:30

- HODEIAN. Herriko Taberna, 16:30

- MINI & MORRIS. Logia, 18:00

- LUIGI STREAM. Noiz, 19:30

- JONI TXINTXES. Gazte Lokala, 21:00

Otsailak 1 igandea

- MOBYDICK. Atxuri, 13:30

- JONA EXPOSITO. Baiona, 14:30

- RANA TXAPELKETA. Frontoiko balkoian, 17:00

- ADAMA ETA KAMELE GONI. Müller, 18:00

 

Zona Especial Norte

 

[2015/01/23] Zona Especial Norteren hirugarrena