Uholdeak Deustualdean

uriola.eus 2016ko mar. 10a, 09:57
Argazkia: @ikersalgadoser1

Goizalean gainezka egin du Ibaizabalek Elorrietan eta Deustuibarran, atzo bezala. Auzokideek jakinarazi dutenez, itsasgoraren ostean egoera "bare" badago ere, "leku askotan sartu da ura", besteak beste, atarietara, lonjetara eta tabernetara. Marea biziengatik larunbatera arte luzatuko da alerta egoera.

Bilboko Udalak itsasadarreko inguruetan arretaz ibiltzeko gomendatu du datorren larunbata bitartean, hilak 12, iraungo duten marea biziengatiko alerta egoera dela eta. 

Itsas biziekin bat eginda, itsasgorak gertatzen diren momentuetan -beti ere goizaldeko orduetan- itsasadarreko urak gainezka egin dezakeela aurreikusita dago Elorrietan, Zorrotzaurren, Euskalduna Zubiko biribilgunean eta Deustun itsasadarreko pasealekuetan, Unibertsitateen etorbidean eta Abandoibarran.

Ildo horretan, Herritarrentzako Segurtasun Sailak egun hauetan, arrisku momentuetan zaintza dispositibo berezia mantenduko du itsasadar inguruetan urak zertxobait gainezka egin dezakeelakoan. Era berean, Obra, Zerbitzuak, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoko Sailak hiriko estolderia berrikusi du, eta kamioi bana jarriko du itsasadarreko bi aldeetan, itsasaldiak baretzeko. Halaber, lurrez betetako zakuak jarriko dira lau puntu estrategikoetan, urari eusteko.

Elorrieta. Argazkia: @ikersalgadoser1

Deustuibarrako atariak. Argazkiak: @GorkaCalzada