Yolanda Gonzalez plazatxoaren inaugurazio herrikoia larunbatean

uriola.eus 2016ko mar. 15a, 09:35

Datorren martxoaren 19an, auzotarren elkarteak Yolanda Gonzalez plazatxoaren inaugurazio herrikoia egingo du. Ekitaldia 13:00etan hasiko da plazan bertan. 

Badira hiru aste Erriberako plazak Yolanda Gonzalezen izena hartu zuela Udalaren babesarekin, nahiz eta Auzokide Elkarteak urte luzeetan zehar eurek jarritako plaka batekin gaztea omendu izan.

Lehengo urtarrilaren 28an, Euskalduna Zubia auzo elkartearen kide den Eneko Herranek proposamena luzatu egin zuen Udalbatzan, talde politiko guztien onarpen eta baiezkoa lortuz. Auzoko plaza bati Yolanda Gonzalezen izena emateko eskatu zuen, "memoriaren eta erreparazioaren izenean". Gehiengoaren babesarekin, Juan Maria Aburto alkateak konpromisoa hartu zuen bere gain.  

Bide luzea auzoan

Bide luzea egin behar izan dute auzokideek plazatxoari Yolandaren izena ofizialki jarri ahal izateko. Hasteko, auzoan sinadura bilketa bat egin zuten Yolandaren senideekin batera, eta jasotako 333 sinadurekin, 2014ko urriaren 15ean eskaera zuzendu zioten Bilboko alkateari. Auzokideen asmoa Yolandaren erailketaren 35. Urtemugarako Udalaren baiezkoa lortzea, nahiz eta tamalez, ezinezkoa izan.

Denbora luzea pasatu zen, eta 2015eko abenduan, eskaera berriro luzatzea erabaki zuten, eta aurtengo urtarrilean, nolabaiteko erantzuna behartu nahian, proposamena Udalbatzarrera eramatea erabaki zuten gaztearen auzokideek. Bertan, bai alderdi politikoek bai alkateak aho batez onartu zuten eskaera.

Yolanda Gonzalez, gazte eta iraultzailea

1980ko otsailaren 1ean Madrilen hil zuten Yolanda, ikasle zela, 19 urte zituela. Batallon Vasco Españolek erail zuen bi tiroz ETAko kidea zelakoan. Yolanda ez zen ETAkidea, PST alderdiko militante gaztea zen. Hilketa harengatik Emilio Hellin ultraeskuindarrari  43 urteko espetxe zigorra ezarri zioten arren, 14 baino ez zituen kartzelan igaro.