Deustun Gazte Eguna ospatuko dute asteburuan

prestaldizkaria 2016ko eka. 10a, 08:44

Deustuko gazteak aspaldi hasi ziren "eragileetan antolatzen, auzoa astintzen eta bakoitza bere txoko eta sektoretik ekarpenak egiten". Bihar, larunbata, lan hori islatuko dute Gazte Egunean.

Azken hilabeteetan konturatu dira indarrak batuz eta elkartuz "zerbait sortzeko aukera" badutela. Horrela heldu diote Deustuko Gazte Eguna antolatzeko ideiari, eta buru-belarri ekin diote "gazteria osoa batzeko asmoa duen egun izugarria antolatzeari".

Bertan parte hartuko duten eragile zein norbanakoak asko eta oso anitzak dira: Asanblada (DGA), Ernai, talde feminista (PARE), talde antirepresiboa (UBDG)… eta "gure arteko aliantzak sortu eta indartzeko aukera paregabea dugu ekainaren 11n", diote.

"Ikaragarria izan da eta izaten ari da elkarlanean aritzea, proiektu komun bat aurrera ateratzeko asmoz batzen hastea. Deustuko Gazte Lokala eta auzoko kaleak jai giroz eta ilusioz beteko ditugu, jai herrikoi eredua inoiz baino ozenago aldarrikatuz".

Egun osoko egitaraua antolatzen ari dira jada ekainaren 11rako. Goiz goizetik hasi eta gauera arte kontzertuak, bertsolariak, poteoa, pala txapelketa… izango dira.

Dei egin diete Deustuko gazteei animatu eta hurbiltzera: "Goazen Deustuko kaleak gaztez betetzera". 

facebook.com/Deustuko-Gazte-Lokala

@DeustukoGL