Danel Abando Olabarri: “Boxeoaren atzean mami asko dago”

prestaldizkaria 2017ko urt. 2a, 08:38
Argazkiak: Iñigo Azkona

Garaipen urtea izan da hau Danelentzat. Bizkaiko txapelketa, Bizkaiko torneoan boxeolari onenaren saria, Euskadiko txapelketa eta Espainiako txapelketan brontzea eskuratu ditu boxeo amateurrean, oilar kategorian. Profesionaletarako bidean, atseden hartzea erabaki du. 

Zergatik boxeolaria eta ez futbolaria?

Izan, izan nintzen futbolaria. Danok Bat taldean jokatu nuen, baina ez oso motibatuta. Gero karatearekin frogatu nuen, baina ez zitzaidan gustatu, eta 14 urterekin boxeoa frogatu nuen Bilboko Club Deportivon. Hainbeste gustatu zaitzaidanez boxeoan jarraitu dut orain arte. 

 

Egun 21 urte dauzkazu. Zein izan da zure boxeo ibilbidea?

Entrenatzaile kubatar batekin hasi nintzen entrenatzen, eta berarekin eman ditut urte gehien. Berak irakatsi dizkit boxeoa eta boxeoaren inguruan dauden balore piloa.

 

Zeintzuk dira balore horiek?

Lanaren balioa, adibidez, irmotasuna edota kiroltasuna. Boxeoaren ikuspuntu desberdin bat irakatsi dit. Nik uste nuen boxeoa borroka zela, beste pertsona baten aurkakoa, eta ikasi dut boxeoaren atzean mami asko dagoela. Zientzia, teknika eta estrategia asko dagoela.

 

Boxeolari atipikoa zarela diote. Zergatik? 

Inteligentzian oinarritzen dut nire boxeoa. Beti ahalegintzen naiz aldez aurretik pentsatzen zer egingo dudan, zergatik egingo dudan, noiz… Ez naiz pentsatu gabe beste pertsona bat kolpatzen hasten. Nire ezaugarri fisikoak kontutan hartuta, planteamendua landu ohi dugu, boxeatzeko era adostu eta plana martxan jartzeko. 

 

Zeintzuk dira zure indarguneak? Zeintzuk zure ahulguneak?

Gehienez 56 kiloko aurkariekin lehiatzen naiz oilar-pisuan. Normalean aurkariak ni baino baxuagoak eta oso indartsuak izan ohi dira. Nire kategoriarako altua eta argala naiz. Flaco deitzen didate horregatik. Deustuko tigrea da nire beste ezizena. Distantziatik boxeatzen dut, kolpe zuzenekin eta burua asko erabiliz. 

 

2016an hiru titulu eskuratu dituzu. Espero zenituen hainbeste garaipen?

Ikaragarria izan da. Orain dela urtebete ez nukeen sinetsiko. Kepa Sabin entrenatzaileak du merituaren zati handi bat. Berarekin urtebete eman dut eta berarekin lortu ditut hiru tituluak. Berari esker izan da. Oso entrenatzaile ona da. Bizkaiko txapeldun, Bizkaiko toneaon boxeolari oenarren saria, Euskadiko txapeldun eta Espainiako txapelketan brontzezko domina oilar kategorian.

 

Zein izan da zuretzat sari handiena?

Sari handiena entrenatzailea nire lanarekin harro egotea da, nire boxeatzeko erarekin harro egotea. Hori lortuz gero, gainerakoak berdin dio. 

 

Amateur mailan lehiatzen zara. Zelako baldintzetan?

Amateur izatea ez da txarragoa izatea. Boxeo amateurra eta profesionala oso kirol desberdinak dira. Amateurrak bere arauak dauzka. Eskularruak desberdinak dira, eta hiru asaltora bakarrik jokatzen da, bakoitza hiru minutukoa. Profesionaletan, berriz, 12 asalto izan daitezke. Normalean 60na euro jasotzen ditugu borroka bakoitzean, baina batzutan ogitarteko bana ematen digute, eta beste batzutan etxera esku hutsik joaten gara. 

 

Boxeolari profesional izateko aukera baduzu?

Aukera badaukat. Nire entrenatzaileak Euskal Herriko eta Estatuko promotora handienetako batekin lan egiten du, EuskoBoxekin. Baina une honetan atsedena behar dut, lehiatzeari utzi diot, entrenatzeaz gain lanean eta ikasten ari naizelako, eta ezin dudalako denera heldu. 

 

Zientzia politikoak ikasten ari zara eta boxeo klaseak ematen egiten duzu lan Sarrikon Blakz Team gimnasioan eta Getxon. Ezinezkoa da dena uztartzea?

2015/16an hiru titulu lortu nituen, baina gimnasio bakarrean egiten nuen lan apur bat, eta ikasteari utzi behar izan nion. Uneoro nengoen entrenatzen. Oso gustuko dut irakurtzea eta ikastea, eta pentsatu dut boxeoaz gain ikasi eta lan egin beharra daukadala. Ez dit ematen denborarik dena egiteko. Boxeoa asko maite dut baita lehiatzea ere, eta ikastea eta nire dirua edukitzea, eta ez amari eskatzen ibiltzea. Orain nire kabuz entrenatzen ari naiz, ikasten eta lanean.

 

Zelan irudikatzen duzu etorkizuna?

Pozik nago, nire erabakia izan baita lehia uztea. Orain ikasten eta lanean nago, baina bizitzak buelta asko ematen dituenez, nork daki. Boxeoan jarraituko dut, nire bizitza da 14 urte nituenetik.  

 

Zer ematen dizu boxeoak?

Topikoa den arren, bizitzeko era bat da niretzat. Ez dut alkoholik edaten, ez dut erretzen, ez naiz parrandan ateratzen… boxeoak bizitza dinamika bat eman dit. Ikasi dut zerbait lortzeko esfortzatu behar duzula, lan egin behar duzula, lasterbideek ez dutela balio. Boxeoan zu bakarrik igotzen zara beste pertsona baten aurka borrokatzera eta hor ikusten da lan egin baduzu eta lana serio hartu baduzu. 

 

Zergatik ez duzu gustuko boxeo profesionala?

Dena diruaren inguruan oinarritzen delako. Ez du saritzen boxeolari ona, sarrera gehien saltzen duena edota odol gehien eragiten duena baizik. Profesionaletan ikus dezakezu kubatar boxeolari bat oso fina, esgrima onekoa, baina kolpe gutxikoa ikusleen txistuak jasotzen eta mexikar boxeolari bat, aldiz, bi begiak odoletan dituela jendearen txaloak jasotzen. Hori da boxeo profesionala. Gainera, aurkariak hautatu egiten dituzte. Boxeolari ona izanez gero, Kerman Lejarraga modukoa adibidez, bere promotoreak pisu gutxiagoko aurkaria hautatuko dio, okerragoa, K.O. egiteko eta dirua irabazteko. Amauterrak maitasunez egiten dena adierazten du, profesionalak diru truke egiten dena.

 

Bizkaian bogan dago boxeoa?

Historikoki Bizkaian, Euskal Herrian eta Estatu mailan beti egon da boxeozaletasun handia. Urtain eta boxeolari on asko egon da hemen. Boxeoa telebistan debekatuta dago 22:00ak arte, eta horregatik zaila da jendea zaletzea. Boxeoa ikusteko zaleek 20 euro ordaindu behar dute eta gaubela batera joan. Eta jendeak jarraitzen du gaubeletara joaten. Orain, gainera, Kerman Lejarraga, Jon Fernandez eta Andoni Gagori esker boxeozaletasunak gora egin du.

 

Boxeo amateurrak ere gora egin du?

Bai, boxeo profesionalak amateurrari laguntzen dio. Dinamika bera dute. Boxeo gaubela antolatzen denean lau borroka amateur eta profesional bat lotzen dira. Ikusleek profesionalak ikustea nahiago du, K.O. gehiago dagoelako eta espektakulu gehiago dagoelako.

 

BECeko borroka batean boxeolari batek K.O. amaitu ostean, koma egoeran eman zituen hainbat egun. Zer deritzozu?

Niretzat boxeoa kirola da, eta kirolak osasunetik asko du. Pertsona batek borrokan jarraitzeak koma egoerara arte ez du zentzurik. Hori diruak eragiten du. Boxeoa beste zerbait da. 

 

Baduzu amets berezirik?

Badut amets bat. Boxeoari aukera eman eta boxeoa ezagutzera jendea hurbiltzea nahi nuke. Ez telebistan ikusten den boxeora edota aldizkarietako boxeora, boxeo errealera baizik, adibidez boxeo eskolara. Gimnasio asko eta eskola gutxi daude. Entrenatzaile asko eta irakasle gutxi daude. Hori islatzen da boxeolariengan.

 

Eta boxeo gaubela batera joanez gero?

Hori oso arriskutsua da gaubelaren arabera. Nik 15 urteko ikasleak ditut eta beti pentsatzen badut telebistan Kerman Lejarraga entzuten badute “ostiaka arituko gara” esanez, zer pentsatuko dute gazte horien gurasoek? Boxeoa ez da hori. Boxeoa artea da, pertsonek barrutik kanpora sorzten duiten edozer, boxeoa hori da, borrokara eramana, borrokaren inguruan artea sorztea mugimenduarekin, teknikarekin, logikarekin.  

Bi ezizen dituzu: Flaco eta Deustuko tigrea. Zuk hautatuak dira ala beste norbaitek ipinitakoak?

Entrenatzaileak ipinitakoak dira. Deustuko tigrearen ondoan bizi naiz betidanik. Goizeko bostetan loguretuta korrika egitera irteten naizenean tigrea hor goian ikusteak asko motibatzen nau. Horrekin identifikatzen naiz. Flaco oso argala naizelako jarri zidaten. Nire ondoan denek ematen dute indartsuagoak eta egurtuko nautela dirudi, baina buruarekin eta teknikarekin borrokak irabazten ditut. Horregatik harro nago flaco izateaz. 

 

Gizonen kirola da?

Neskak animatu nahi ditut boxeoa praktikatzera. Badaude neska oso onak entrenatzen dutenak mutilek bezain ondo. Boxeo profesionalean emakumeek badute oso paper mugatua, kartela eta titiak erakustea, ikusleek txistu egiten dieten bitartean. Ez dut gustuko hori. Boxeo amateurrean ez dago neskarik kartela eta titiak erakusten. Nik emakumeak boxeoan ikusi nahi ditut. 

 

Neska eta emakumeen gorakada izan da boxeoan?

Ez dira hainbeste. Boxeoaren inguruan gizontasun eta harrotasun ideia oso zabalduta dago. Baina boxeoa ez da hori; aldatu beharreko zerbait da. Emakumea gizona bezain indartsua izan daiteke boxeolari ona bada.