Los Cosmeticosen ezustekoa

prestaldizkaria 2017ko ots. 8a, 08:00
Iban Camisetaimediak egindako argazkia Nestor Acosta Peluquerosen (Luzarra 13)

2016ko udazkeneko uztatik heldu da Los Cosmeticos taldearen estraineko lana, ‘Danze! Zizek! Danze!’ izenekoa. Rock alternatiboan barna mugitzen diren zazpi abestikoa.

Slavoj Žižek filosofo, soziologo, psikoanalista eta kultura kritikari esloveniarra oso gustuko du Los Cosmeticos hirukoteak. Besteak beste, Žižeken testuak “oso barregarriak” direlako. Justin Bieber edota Kate Moss bezalako pertsona “kosmetikoei” barre egiten dielako. Eta horregatik agertzen dira pertsonaia horiek Iban Camisetaimediak diseinatu duen diskoaren azalean. 

Bestela esanda, egungo gizartea “era dibertigarrian hausnartzen du” Žižekek, eta gogoko duten filosofoari keinu eginez jarri dio taldeak bere lehen lan luzeari  ‘Danze! Zizek! Danze!’ izena. Atxuri tabernan eta zuzeneko emanaldietan eskura daiteke. 

Deustun, etxean, grabatu du Los Cosmeticos hirukoak lehen diskoa. “Oso gustura, oso eroso”. Albert (baxua), Alberto Pelos (bateria) eta Ivan Barrio (gitarra eta ahotsa) hirukoteak tigrearen eraikinera jo du. Zehazki, El Trigre estudioan Xabier Egia eta Jon Agirrezabalagarekin (WAS). Masterizatu, aldiz, Mediterraneo aldean egin du Victor Garciak. Costa Bravako Ultramarinos estudioan, hain zuzen ere. 

Zazpi abestik osatzen dute diskoa. “Denetik dago”, Ivan Barrio taldeko gitarra eta ahotsaren esanetan. “Rock alternatiboa etiketa handiaren barruan dauden azpigeneroak” entzun daitezke. Grungetik post punkera. Dantzatzeko abestiak dira bost eta bi lasaiagoak. Zazpirak ingelesez. Hasieran inglesez “eroso” sentitzen ziren, melodiak eta hitzak erraz ateratzen zitzaizkien inprobisatzerakoan. Taldea osatu eta urte eta erdira, taldeak gaztelaniarekin frogatzea erabaki du aurrerantzean. Izan ere, taldea “berria” da, “gaztea”, nahiz kideek eskarmentua izan, eta aldaketak egitea erabaki du, “frogatzen jarraitzea, sendotzea”. 

Azaleko irudia: Ion Zorrila Rodillo

La Hora del Primate taldetik irten zen Los Comesticos. Hasi eta gutxira, 2005ean, taldearen izen berarekin kaleratu zuten Cosmeticoek bi abestiko demoa. Ezustean, Euskal Herrian eta Errioxan banatzen den Mondo Sonoro agerkariak hirugarren demorik onena izendatu zuen, eta Kafe Antzokian kontzertua emateko eskubidea bereganatu zuten. Talde gisa laugarren kontzertua zuten, Antzokiko taula gainean. “Ez genuen espero”, gogoan du Ivanek. 

Harrezkero, Cosmeticoen sarea handitzen joan da. Rock alternatiboaren zirkuituan mugitzen dira. Izan ere estatuan badago musika mota honetarako zirkuitua, Ivan eta bere kideek “betidanik” ezagutzen dutena. 100, 200 lagunentzako aretoekin osatutako sarea alternatiboa da, komertzialetik apartekoa. Areto horietan “musikazaleak dira eta maitasunez egiten dute lan. Hor mugitzen gara”. 

Hurrengo bi hilabetetako kontzertuak lotuta ditu taldeak. Guztira, zazpi. Otsailaren 12an Bermeon, otsailaren 17-18an Madrilen eta Toledon, martxoaren 4an Gasteizen eta martxoaren 25ean Deustuko Gazte Lokalean, Diana Lagartorekin batera, besteak beste. Ivanek aurreratu duenez, “Deustuko zuzenekoa jaietan izango da, beraz, jai handia egiteko baliatuko dugu aukera”. 

“Oso pozik” daude orain arteko ibilbidearekin eta emaitzarekin. Taldean hiru kide bakarrik izanik ondo konpontzen dira. “Erosoa da formatua”. Zailtasuna kontzertuetan sortzen zaie, “talde handi baten soinua” lortu nahi dutenean, eta horrekin tematuta ari dira lanean. 

Grabatuak ez ezik grabatu gabeko abestiak ere astintzen dituzte zuzenekoetan. Bi hilabete eta erdiko atsedenaren ostean -kideetako bat aita izan da-, gogotsu daude Cosmetikoak bai taula gainera igotzeko bai abesti berriak sortzen hasteko. “Jotzea eta abestiak egitea, hori da gustuko duguna”. Beraz, kontzertuak ematen eta errepertorioa sendotzen jardungo dute uda bitartean, “kontzertu borobilak prestatzen”. Cosmeticoena “neguko zirkuitua baita”. Baina, ezustean, izan daiteke aldaketaren bat. Iaz, esaterako, udan jo zuten Igorren eta Bilbon Aste Nagusian. Ezusteko gehiago ere izango da. 

 

loscosmeticos.bandcamp.com