Arratoiak hiltzeko kanpaina abiatuko dute Deustuko barrutian

uriola.eus 2017ko api. 4a, 07:00

Udalak jakitera eman duenez, apirilean eta maiatzean arratoiak hiltzeko udaberriko kanpaina egingo dute Bilboko barruti guztietan. Kanpaina honi Deustualdean emango diote hasiera bihar.

1. barrutian, Deustun arratoiak hiltzeko lanaka bihar hasiko dira eta ostiralera arte, apirilak 7, iraungo dute. Deustuko Doneperiaga-Deustuibarran, Arangoitin, Ibarrekolandan, San Ignazio-Elorrietan eta Elorriaga mendian gauzatuko dute kanpaina. 

Aholku praktikoak

Osasun eta Kontsumo Sailak honako aholkuak ematen dizkie herritarrei arratoiak ez ugaritzeko:

• Ez bota zaborrik kale, parke, orube eta beste zonaldeetara (patioak, lorategiak…). Bota elikagaiak zakarrontzietara eta edukiontzietara.

• Ez eman janaririk jaberik ez duten animaliei (katuak, usoak,…) arratoientzako elikagai bilaka daiteke-eta.

• Zaborra poltsa itxietan bota dagokion edukiontzira. Errespetatu ezarritako ordutegiak. Ez utzi zaborrik zakarrontzien kanpoaldean.

• Patio, lonja eta bestelako leku itxietan putzuak edo ur-pilaketarik egotea saihestu. Horrela, intsektuak (eulitxoak) agertzea ekiditen da eta arratoiak agertzea saihesten da (ur hori edaten baitute). Ez altxatu patioetako saretoak.

• Etxea edo eraikinaren kontserbazio-baldintzak aldizka berrikusi eta baldintza egokietan eduki. Prebentzio neurririk onena karraskariei sartzen ez uztea da. 0,5 cm baino gutxiagoko sarbide-zuloak zementuz eta metal galbanizatuzko sareekin itxi.