Indarkeria sexista

"Eraso gehiagorik ez, ez auzoan, ez inon"

uriola.eus 2016ko urr. 5a, 09:07
Argazkiak: Bruno Zubizarreta, Josu Erkoreka, Gazte Komunistak

Errekaldeko plaza jendez bete da joan den asteburuan gertatutako sexu erasoa salatzeko. Auzotarrek eta erakundeetako ordezkariek bat egin zuten erantzun bateratu eta irmoan. 

Emakumeen aurkako erasorik "ez dugu nahi eta ez dugu onartuko" azaldu dute Errekaldeko auzo elkarteko deiari atzo arratsaldean erantzun zioten ehunka lagunek. Joan den larunbat goizaldean auzotar batek etxera zihoala pairatutako bortxaketaren aurrean "ahobatezko gaitzespena" adierazi dute. "Denon artean", indarkeria sexistaren "gaitzari" amaiera emateko prest agertu dira: "Eraso gehiagorik ez, ez auzoan, ez inon". 

Elkarretaratzearekin bat egin dute Errekaldeko bizilagunek ez ezik Bilboko beste hainbat auzotako hiritarrek, Bilboko Koordinadora Feministak, Bilboko Udalak, Emakundek eta Eusko Jaurlaritzak. Hiritar anonimo ugariren ondoan parte hartu dute Juan Maria Aburto alkateak, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak edota Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, besteak beste. 

 

Ertzaintzak bila jarraitzen du

Larunbat goizaldean, Errekalden, Masustegi inguruan, etxera bidean zihoan emakume bat bultzatu zuen gizon batek. Garaje baten aurrean erasotzaileak arropa kendu eta bortxatu zuen. Erasoa eta gero gizonak alde egin zuen, eta emakumeak senideei laguntza eskatu zien. Geroztik, Ertzaintza gizon altu eta gazte baten bila dabil, hile beltza eta kiskurra duena.

 

[2016-10-04] Elkarretaratzea deitu dute gaurko Errekaldeko bortxaketa salatzeko