Errekaldek atzerritarren aurkako aurreiritzien kontrako partida irabazi du zurrumurruen aurkako estrategiari esker

uriola.eus 2016ko aza. 16a, 10:10

Errekalde Udalaren Zurrumurruen Aurkako Estrategiarekin bat egiten jarraitzen du atzerritarren inguruko estereotipo faltsuak desegiteko, eta oraingoan barrutiko kirol kluben laguntzari eta gurasoen elkarteetako sentsibilizazio-tailerrei esker egin du, elkarbizitzarako arlo garrantzitsu bi baitira.

Gauzak horrela, aste honetan hasiko da zurrumurruen aurkako agente izateko oinarrizko prestakuntza ikastaroaren beste edizio bat, kirol klubetako zuzendaritzako eta bestelako langileentzat. Bertan parte hartuko dute Iturrigorri Kirol Elkarteak, Itugarpe Kirol Klubak, Betolaza Kirol Klubak eta Bilbao Rugby Unibertsitate Klubak.

Elkarbizitzarako ekintzak sortzea, kluben prestakuntza eta ahalduntzea sustatzea etorkizuneko desafioei aurre egiteko, balio positiboak transmitituz, eta praktika berritzaileak sortzea dibertsitate kulturalean, tartean dauden eragile guztiei baliabide materialak emanez; horiek dira prestakuntza ekintza honen helburuak.

Prestatzea eta sentsibilizatzea, kirolaren bidez

Prestakuntza saioak gaur, azaroaren 16an eta 23an zein 30ean izango dira Errekaldeko Udaltegian eta gai hauek landuko dira:

• 1. modulua. Immigrazioa: estereotipotik xenofobiara. Xabier Aierdi, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko aholkularia. Estereotipoak eta kultura, lehentasun nazionalaren ideia eta inpunitate-eremuak landuko dira.

• 2 modulua. Zurrumurruak identifikatuz. Gorka Moreno Marquez, Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokia. Etorkinen inguruko estereotipoak eta zurrumurruak identifikatuko ditu eta horiei buruzko gogoeta egingo du.

• 3. modulua. Estrategia ausartak zurrumurruaren aurrean. Asier Gallastegi, Korapilatzen, Aholkularitza, prestakuntza eta coaching. Estereotipoei aurre egiteko estrategietan jarriko du arreta, ikuspegi komunikatibotik eta afektibotik.

Gero, sentsibilizazio-tailer hauen ondoren, abenduaren 15ean hitzaldi bat egongo da Errekaldeko Udaltegian. Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak emango du eta kirol komunitate osoari egongo da irekita: zuzendaritza-taldeak, entrenatzaileak, jokalariak eta familiak.

Azkenik, ekintzak otsailean bukatuko dira, 'Elkarbizitza kulturalaren aldeko I. Futbol Txapelketa' abian jartzen denean.

Gurasoentzako sentsibilizazio tailerrak

Era berean, aurreko urteetan egin den moduan, zurrumurruen aurkako estrategiak arreta jarriko du ikastetxeetan. Azaroan eta abenduan, Berdinak Gara Elkartearekin laguntzarekin, sentsibilizazio tailerrak egingo dira gurasoentzat eta ikastetxe hauetako gurasoen elkarteek hartuko dute parte:

• Torre Urizar - Tomás Camacho LHI

• Gabriel Aresti LHI

• Sagrado Corazón Ikastetxea

• Ezkurtze BHI

• Maestra Isabel Gallego Gorria LHI

Horrela, Udalak topaketarako guneak sortzen jarraitzen du zurrumurruen aurkako estrategia herritarren artean sendotzeko eta atzerritarren aurkako iritzi faltsuak, estereotipoak eta zurrumurruak desegiteko beharrizana ezartzeko, eragin negatiboa baitaukate elkarbizitzan eta gizartearen kohesioan.