Udalak Casilla Berriaren proiektua lizitatu du

uriola.eus 2024ko uzt. 10a, 15:12

Argazkia: Bilbao.eus

2026rako Casilla kirolguneko instalazioak hobetu eta Etxetxua parkea berriztatuko dute.

2022an Casilla kirolgunea eta inguruak berriztatzeko plana aurkeztu zuen Bilboko Udalbatzarrak. Gaur xede hau betetzeko lehen pausoa eman da, berriztapenaren obra-emakiaren lizitazioa onartu da gaur, zeinak, Casilla kirolguneko instalazioak berriztatu eta kirol eta aisialdi eskaintza eguneratzeaz gain, Etxetxua plazako ingurua ere guztiz eraldatuko duen, “merkataritza jarduera” eta aisialdi eta kultura eskaintza zabalagoa eskaintzeko.

Kiroldegiari dagokionez, kirol ekipamenduak 3.150 metro karratuko azalera izan beharko du gutxienez; eskubaloi, areto futbol, areto hockey, saskibaloi, minibasket, badminton tenis eta bolleyball zelaiak izango ditu kiroldegiak, baita 200 eta 800 metro karratuko muskulazio aretoa, gutxienez 600 metro karratuko igerilekua eta 300 pertsonarentzat tokia izango duten gradekin batera. Kiroldegian Bilbo Kirolaren programaren parte diren zenbait ekintza antolatuko dira, baita kirol perfekzionamendurako ekintzak, zein ongizatearekin, osasunarekin, banako harretarekin, belaunaldi-arteko harremana sustatzearekin eta beste zenbait alorrekin lotutako ekimenak ere.

Kirolgunea hobetzeaz gain, Udalak Etxetxua plaza berriztatzeko lanak ere abian jarriko ditu, etorkizunean inguruko kaleetara, Autonomiara, esateko, zabalduko direnak. Udalak aurreratu du egun plazan dagoek kioskoa eraitsiko dela “igurune berrira egokituko den” berri bat eraikitzeko, eta, bestalde, plazaren azpian hainbat pisuko aparkalekua eraikiko da.

EH Bildu eta Elkarrekin alderdiek kirolgunearen eta inguruko plazaren kudeaketa “berriz ere” enpresa pribatuen esku uztea gaitzetsi dute, “hala Bilbao Kirolaken kudeaketaren azpikontratazioari ateak irekita”. Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak 40 urteko kontzesioarekiko kezkak azaldu ditu “gizarte aldaketa handiko garaian bizi gara, eta abiadura handian aldatzen dira kirol eskakizunak ere. Etorkizuneko gizartearen eskarietara egokitzeko modu aproposena kudeaketa publikoa da”. Hortaz gain, zinegotziak Udalak halako proiektu bati aurre egiteko nahikoa baliabide dituela azpimarratu du.