Athletic

Ontzat eman beharrekoa

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Zarrabeitia 2014ko abe. 15a, 09:41
LFP

Lehen zati eskasaren ondoren, atsedenalditik bueltan Athleticek intentsitatearen bidetik Reala mendean hartu du. Lehoiek partida irabazteko aukera gehien zuten unean, Laporteren inozokeri batek berdinketa eustera behartu du Valverden taldea. (1-1)

 

Hotzean berotu dira gaur jokalari zurigorriak Donostian jokatutako derbian. Norgehiagoka hasi eta berehala, Velak bizkaitarren defentsako hutsuneak baliatu ditu Reala aurreratzeko. Mexikarrak Athleticeko atzelarien jarrera pasiboa probestu du. Kolpeak lehoien planteamendua zapuztu eta txuri-urdinak indartu ditu.

Moyesen jokalariek aise gainditu dituzte zurigorriak lehen zati osoan zehar. Markel Bergarak zelai erdian egindako lan bikainean eta Velaren kalitateak sortutako arriaskua oinarri nagusitzat, lehia guztiak etxekoen hanketan geratzen ziren. Susaetaren grina eta areatik kanpo egindako jaurtiketak ziren Athleticen erantzun bakarra. Pasetan asmatu gabe, berandu ailegatzen ziren lehoiak. Realean, aldiz, Bergarak erratza atera eta baloi ugari berreskuratu ditu, bere taldeari oreka eskainiz.

Partida eskutan izan dute txuri-urdinek, nagusi, Iñigo Martinezek, Finnbogasonek eta Velak bigarren gola egiteko aukerak izan dituzte. Ez dute asmatu eta Athletic bizirik iritsi da atsedenaldira, partidaren bilakaera ikusita eman zitekeen albisterik onena zen hau. Realari norgehiagoka erabakitzea falta izan zaio eta aldageletatik bueltan ordaindu du.

Tendentzia aldaketarekin, berdinketa

Itxuraldatuta bueltatu dira lehoiak bigarren zatian. Norbanako lehiak irabazten hasi dira, presioan lan hobea egiten, erdibitutako baloiak eskuratzen hasi dira. Irudia beste bat izan da eta joko hobearen bitartez arriskua sortzea lortu dute. Muniainek aukera paregabea izan du berdinketa eskuratzeko baina Txantreakoaren errematea kanpora joan da. Lehen abisua izan da, hurrengoan De Marcosek ez du barkatu.

Zurigorrien pultsua erabat ezberdina zen, taupadak azkartu eta bizirik zeudela erakutsi dute. Susaetak Guardiakoari emandako pase bikainak sare barruan amaitu da. Dena aldapa gora ikustetik, hiru puntuak lortzeko aukera atzamarren puntekin ukitzera pasatu dira Athleticeko jokalariak. Tendentzia aldaketa eragotzi nahian, Moyesek Canales eta Zurutuza zelairatu ditu. Piezak aldatuta ere, iparrorratzak zurigorrien eskuetan segitzen zuen. Eta helburua gauzatzetik gertu izan dira, baina Adurizek egindako jaurtiketa bikaina gutxigatik kanpora joan da.

Bitartean, Realak erasoko jokoa antolatzeko zailtasun nabarmenak zituen, borroka txikietan galduta. Balenziagak eta Xabi Prietok partida osoan zehar izan dutena horren lekuko, bigarren zatian Laportek eta Finnbogasonek talka ugari izan dituzte. Ika-mika ezberdinetan murgilduta egon dira, elkarri mokoka. Ageneko atzelari gazteari lasaitasuna mantentzea falta izan zaio, are gehiago txartel hori batekin. Horiek horrela, modu inozoan Xabi Prietori ukondokada eman eta aldageletarako bidea hartu behar izan du. Bere keinuak ikusita, agerikoa zen berehalako damua izan duela. Alferrik, taldea hamar jokalarirekin utzi du.

Hamarrekin, puntua eutsi behar

Jokalari bat gutxiagorekin eta egindako ahalegin fisikoa aintzat hartuta, txanpona airera bota zezaketen Athleticeko jokalariek. Partida irabaztea gertu ikustetik, puntua mantendu behar izatera pasatu dira Valverderen mutilak. Teknikari gasteiztarrak Gurpegi zelairatu behar izan du eta markagailuari eustea zen erronka bakarra jada. Azken minutuetan, Realak aurrera urratsa eman du eta bigarren gola egiteko aukera onak izan ditu. Velak bere burua lurrera bota ostean, Canalesen falta jaurtiketa langara joan da. Ikara gorputz barruan sartuta, Athleticek puntuarekin bueltatzea zuen helburu nagusitzat. Merezitakoa, nahiz eta berriro ere Canalesek azken jokaldian abagune paregabea izan duen. Iraizozek geldiketa bikainarekin erantzun du eta berdinketa bere horretan mantendu da.

Partida bere osotasunean aintzat hartuta, Realak Athleticek baino hobeto jokatu du lehen zatian eta zurigorriek gipuzkoarrak mendean hartu dituzte bigarrengoan. Bakoitzak bere ñabardurak izango ditu, baina biek emaitza ontza eman dezakete.

Urteari amaiera emateko, lehoien begiradak bihar egitekoa den Europa Leagueko zozketan, ostegunean Alcoyanoren kontrako Kopako partidan eta Atleticoren aurkako Ligako norgehiagokan jarrita daude. Ez dira erronka makalak.

 

Argazkiak: Athletic Club eta LFP