"Behin eta berriro esan dugu eraldaketa soziala beharrezkoa dela eta feminismoak eraldaketa hau errotik abiatuko duela"

Erabiltzailearen aurpegia Nahikari Centeno Lizarazu 2016ko ots. 25a, 09:00

Oraingoan ere ozen diogu. Horretan sinesten dugulako eta horretan lanean gaudelako!!! Euskal Herriko burujabetza feminista martxan dago. Emakumeon antolakuntza, saretzea, ahalduntzea eta boteretzea martxan dago; horren adibide garbia herenegun Zirikan ikusgarri egin genuen. 

BBF-k antolatutako II. jardunaldietako azkenengo txanpa honetan emakume ezberdinek haien bizi-esperientziak partekatu zituzten. 

Alde batetik, Bilboko Bilguneko kide batek Bilgune Feministak dituen helburuak plazaratu eta jardunaldietan zertan aritu garen laburbildu zuen. 

Bestalde, Elenak, ama bakarrik izateko nahia izan duen emakumeak, bere esperientzia mahai-gainean jarri zuen; ama bakarrik baina ez bakardadean. Beharrezko babesa lagun eta familian aurkitu eta antolamendu baten beharra ikusita, hurbileko jendea saretzea zelan lortu duen azaldu zigun. Familia eredu ezberdin baten eraikuntza sortu du. 

Irantzuk aldiz, martxan jarri duen esperimentu pertsonala eta politikoa azaldu zigun. Tribuen proiektuak, beharrizan pertsonal batetik sortu den arren, zaintza egoerak bikote esparruan ez ezik, gainontzeko alorretan eman behar eta ahal direla aldarrikatu nahi du. Gure arteko erlazioak egon badaude, eta askotan daukagun bakardadearen sentimendu hori alboratzeko erlazio horiek ikusgarri egin behar ditugu. Horretarako berak, beharrizan nagusi batzuk azpimarratu eta multzokatu ostean, nahi izan duen horiekin partekatu eta konpromiso erlazioak sortu ditu. 

Azkenengo esperientzia Ortuondo gaztetxeko kide batena izan zen. Bertan komunitatea sortu dute, sistematik at dagoen bizi-proiektu komuna eraikitzen daude. Zaintza abiapuntu hartuta, kapitalismoaren eta sasi-alternatiba faltsuen aurrean garatzen ari diren bizipena aurkeztu ziguten. Kolektibizazioa eta harreman sareak dira haien apustua, eta eremu ezberdinen inguruko hausnarketa eta lana garatzen ari dira: osasungintza, elikadura, hezkuntza… besteak beste. 

Argi geneukan, eta honen ostean eta Euskal Herrian daukagun potentziala ikusita, gero eta argiago daukagu, egunerokoan oztopo eta kontraesan asko sortzen diren arren… 

FEMINISMOAN BIZITZEA POSIBLEA DA! 
GORA BORROKA FEMINISTA!

 

Egilea: Nahikari Centeno Lizarazu