Julio Pinilla, Begoñako txistularia eta korukidea joan zaigu

Erabiltzailearen aurpegia Garaizarko Matsorriak 2016ko urt. 22a, 12:00
Julio Pinilla

Garaizarko Matsorriak abesbatzaren lehen presidentea izan zen.

Urtarrilaren 16an, 84 urte zituela, agur esan zigun Julio Pinilla Santamaria korukideak eta Begoñako Errepublika zaharreko txistulari ezagunak. Bera izan zen Garaizarko Matsorriak abesbatzaren lehen presidentea.

Meatzari familia batean, La Arboledan jaioa, Deustura aldatu ziren, eta La Salle ikastetxean burutu zituen bere ikasketak. Aitak erakutsi zion solfeoa eta txistua jotzen eta Iralabarriko Batz Alai dantza taldean aritu zen. Gisa hortan, 1952an, Luis Markinak zuzendu zuen Jesus Guridiren Amaya operaren filman parte hartu zuen.

Harreman estua izan zuen Jose Luis Etxebarria Txelu Garaizarko Matsorriak abesbatzaren sortzaile eta lehen zuzendariarekin. Pinilla izan zen elkartearen lehen presidentea eta antolakuntza-zimenduak jarri zituena.

Musikazaletasunez gain, aipagarria da euskara eta Euskal Herriarekin zuen engaiamendua. Garaizarren eskolarik ez zegoen garaietan, bera izan zen bi andereñorekin batera, Refugio zaharrean zabaldu zen ikastolaren bultzatzaileetako bat.

EAJko kidea, Begoñako Batzokia eraikitzen parte hartu zuen. Hasiera baten Tenderia kalean eta Txurdinagan gero. 

Zorrotzaurreko Industrias Electricas Elorriagan, Basauriko Aspesen eta Bilboko El Conejo enpresetan egin zuen lana. Eta denetan bere profesionaltasun, gizatasun eta adiskidetasunagatik nabarmendu zen.

Begoñako basilikan egin zen bere oroimenezko hileta. Bertan Garaizarko Matsorriak abestu zituen hainbat kanta. Joseba eta Mikel semei, besarkada bero bat. Eta Miren emazteari, musu handi bat. 

Ez adiorik, Julio.

 

Testua: Fernando Iraeta, Garaizarko Matsorriak abesbatzeko presidentea