Potojorran Berrizen: Bizkaiko Bertso Txapelketa 2016

Erabiltzailearen aurpegia Potojorran. Bilboko Bertso Eskola 2016ko api. 12a, 13:00

Mikel Galartza potojorrankidea Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2016ko udaberriko fasean partaide izan zen, Berrizen, joan den domekan, apirilak 3. Fase honetako lehen saioan sei partaide izan ziren, Peru Vidal nagusitu zen eta Galartzak bosgarren egin zuen, kultur etxea lepo bete zuen zalegoaren aurrean.

Berrizen  jokatutako saioan Peru Vidal nagusitu zen, Aitor Bizkarraren aurretik. Arangoitiko Mikel Galartzak gogotsu ekin zion saioari, bide batez, potoa jorratuz, amor eta amor eman ezinik. Vidalek 178,25 puntu lortu zituen, potojorrankideak baino 32 gehiago.

Galartzaren hasiera gorabeheratsuaren ondoren, erakutsi zuen baduela fase hau gainditzeko adinako maila: bere bertsokeraren printza batzuk utzi zituen han hemenka, bakarkako lanean doinu berezian kantatuz, zortzi urteren ostean alkatetzatik at gelditutakoaren larrutik. Bertso galartziano petorik bota ez bazuen ere, jakina da Berrizen erakutsitakoa baino gehiago dela Galartza bertsotan. Urrutira gabe, bi egun lehenago Mauri Apolo bertso sariketan entzundakotik.

Maiatzak 7an lehiatuko da Gueñesen hurrengo potojorrankidea, Axier Goñi eta fase honetako azken saioan izango da, maiatzak 22an, Joseba Barandiaran.