UdalBerrik Bilboko HAPOrako 8 proposamen feminista aurkeztu ditu

Erabiltzailearen aurpegia UdalBerri-Bilbao en Común 2017ko mai. 10a, 09:00

Ostegun honetan, maiatzak 11, EHUko Gradu Aretoan (Elkano 21, Bilbo) arratsaldeko 18:30ean, UdalBerrik eraiki nahi duen hiriaren inguruko jardunaldien bigarren hitzaldia egingo du 'Hiri Feminista' gaia landuz.

Blanca Valdivia, Bartzelonako Collectiu Punt 6ko kidea Hirigintza feministarekiko hurbilketa bat egingo du eta Dunas Taldeko Amaia Albenizen hitzaldiaren izenburua Eguneroko bizimodurako hirigintza: herri mailakotik lanean izango da. Josefina Rocok egingo ditu moderatzaile lanak.

UdalBerri – Bilbao en Comun taldearentzat hiria proiektatzea, daukagun gizarteari begiratzea eta nahi dugun gizartean pentsatzea da. Gainera, gure ustez hiri-plangintza ez da batere neutrala. Aitzitik, beti agerikoak ez diren dinamika eta harreman sozialak islatzen, sortzen eta erreproduzitzen ditu.

Hori guztia dela-eta, eta generoaren geografiaren eta hirigintza feministaren ikuspegitik abiatuta, gure ustez garrantzitsua da gogoeta egitea, pertsona guztiei (eta, bereziki, hiri-plangintzako prozesuetan historikoki baztertuta egon diren emakumeei) aukerak eskainiko dizkien eta elkargune izango den Bilbo bat elkarrekin eraikitzeko.

Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrerakoko (HAPO) 8 proposamen feminista:

1. Gune misto polifuntzionalak sortzea: usadioak eta jendea nahastea, eta berdegune zein ekipamendu polifuntzionalez hornituta egotea. Aniztasun funtzionaletara egokituta dauden eta ordutegi zabala, ikusgaitasuna eta argiztapen egokia duten eremu sabaidunak konbinatzea.

2. Eremu jakin batzuk oinezkoentzat egitea: jendea biltzen den lekuak hautatzea eta egoteko eta bizitzeko leku egokiago bihurtzea.

3. Pertsona guztientzako espaloiak eta atariak eraikitzea: pertsona guztien mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzea: eskailera zabalak, haurren orgatxoak uzteko tokia duten atariak, igogailuak edo arrapala mekanikoak.

4. Etxebizitza sentikorrak diseinatzea: mendekotasun-egoeretarako eta/edo mugikortasun urria duten pertsonentzako hornituak; askotariko premietan pentsatuta egindako lankidetza-etxebizitzak.

5. Emakumeek eta emakumeentzat sortutako topaguneak sustatzea: Emakume Etxeak eta Ahalduntze Eskolak; diziplina anitzeko erabilera mistoak eskainiko dira, eta zaharkituta dauden eraikin publikoak baliatu eta mugimendu asoziatibo feministarekin batera kudeatuko dira.

6. Emakumeentzako ekipamenduak ziurtatzea: haien premien arabera egokituak, irisgarritasuna ziurtatzen dutenak, adin desberdinekiko sentikorrak eta emakumeen aukerekin bat datozen ordutegiak dituztenak.

7. Kalea gurea da, emakume guztiona eta ordu guztietan: autonomiarekin eta mugitzeko askatasunarekin egoteko eta ibiltzeko aukera zainduko duen hiri-politika bat ezartzea.

8. Hiri feministak, askotarikoak eta elkarren mendekoak: Bilbo hiri feminista bihurtzea, bizitza ardatz izango duena, kalteberatasuna eta elkarren mendekotasuna pertsona guztien ezaugarritzat eta aniztasunak gure hiria aberasten duten balio positibotzat hartuko dituena, eta eskubide- eta aukera-berdintasuna eskainiko duten guneak ziurtatuko dituena.