Athletic

Urteko lehen garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko urt. 12a, 10:18
www.athletic-club.net

Athleticek garaipen batekin ekin zuen 2015. urtea. 1-4 menderatu zuen Sant Gabriel lehen itzuliera amaiera ematen zion partiduan. Yulema Corres izan zen goizeko protagonista, hiru golekin. Maite Lizasok ere gol batekin parte hartu zuen garaipenean. Kataluniarren gol bakarra Carla Gomezek egin zuen, penaltiz.

Bizkaitarrek hasiera hasieratik erakutsi zuten euren nagusitasuna Joan Gamper zelaian. Corresen lehen gola ordu erdia pasata heldu bazen ere, Ibarra eta Erikak gol aukera bana eduki zuten. Azkoitiarrak ez zuen asmatu bere errematearekin Izaskunen erdiraketa batean, eta aurrelari nafarra ez zen fin ibili Brigiden aurrean. Askotan esan ohi da Athleticen indargunea estrategia jokaldiak direla. Bada, atzo Yulema Corresen golak argi utzi zuen. Falta erdiraketa batean arabarra izan zen jokalari argiena, aldaratzea hartu eta baloia sareratuz.

Baloiaren jabetza zurigorriena izan bazen ere, ez ziren aukera gehiagorik sortzeko gai izan. Bai, ordea, atsedenaldiaren ostean, joko zuzenagoarekin, aurkariak uzten zituen espazioei probetxua ateratze aldera. Eta ederki aprobetxatu ere. Lizasoren ezkerkadak eman zion amaiera kontraeraso bikainari, markagailuan 0-2koa jarriz. Bentaja handiagotuko zutela espero zenean, epaileak etxekoen aldeko penaltia adierazi zuen Ane Otxoak egindako faltaren ondorioz. Carlak ez zuen hutsik egin hamaika metroetatik.

Gol honekin Sant Gabrielek bere posibilitateetan sinistu zuten eta horren eraginez, hutsuneak handiagotu zituzten. Hori baliatzen abilena Yulema Corres izan zen, jaurtiketa gurutzatuarekin Brigid gainditu eta Athleticen hirugarren gola egin baitzuen. Ez zen goizeko azkena izango. Izan ere, hamar minuturen faltan bizkaitarren jokaldi kolektiboan aurrelari arabarrak goizeko bere hirugarren gola egin zuen –eta Athleticen laugarrena-. Atzoko partiduarekin, beste behin, Corresek Juan Luis Fuentesek eskainitako aukera bakoitzean ederki erantzuten duela plazaratu zuen bere hat-trickarekin. Neurketaren alde negatiboa Maite Lizasok eman zuen, 79. minutuan lesionatu eta zelaia utzi behar izan baitzuen.

Hiru puntu hauekin sailkapenaren goialdean ez da aldaketa nabaririk eman. Lehen lau sailkatuek –Athletic barne- ez dute hutsegin euren konpromisoetan, eta hala Bartzelona bizkaitarrengandik bederatzi puntura dago eta bigarren sailkatua den Atletico Madrilek hiru puntura jarraitzen du. Hurrengo asteburuan, Fuentesen taldeak Huelvan ekingo dio bigarren itzuliari, Sporting Huelva aurkari izango duelarik.

Fitxa teknikoa:

Sant Gabriel: Brigid; Paola, Muri (Aroa, 65. min.), Carla (Esther, 81 min.), Xiki, Pelegri (Villa, 65. min.), Cristina, Leti, Asako, Carola (Andrea, 81. min.), Helena.

Athletic: Ane Otxoa; Iraia Iturregi, Irene Paredes, Arratea Orueta, Eunate Arraiza; Vanesa Gimbert, Maite lizaso (Eztizen Merino, 79. min), Izaskun Leoz (Alazne Gomez, 56. min.), Erika Vazquez (Nekane Diez, 74. min.), Eli Ibarra (Joana Arranz, 84. min.); Yulema Corres.

Golak: 0-1: Yulema Corres, 32. minutuan; 0-2: Maite Lizaso, 54. minutuan; 1-2: Carla Gomez (penaltiz), 70. minutuan; 1-3: Yulema Corres, 72. minutuan; 1-4: Yulema Corres, 81. minutuan.

Epailea: Edwar Gonzalez Moreno. Helena Serrano eta Aroa Lopez Sant Gabrieleko jokalariek txartel hori bana ikusi zuten, eta baita ere Yulema Corres zuri-gorriak.

 

Argazkia: www.athletic-club.net