Athletic

Bigarren itzuli erabakigarriaren hasiera

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko urt. 16a, 16:30
Argazkia: www.athletic-club.eus

Athleticek irteera gogor batekin ekingo du bigarren itzulia. Nahiz eta Sporting Huelva Kopa postuetatik at egon, ez da inoiz erraza izan bere zelaian hiru puntuak eskuratzea. Igandean 12:00etatik aurrera bidean utzi ez ditzakeen hiru puntuak eskuratu beharko ditu Fuentesen taldeak. Andaluziarrak ere, zortzigarren postura hurbiltzeko, garaipena beharrezkoa dute.

Sasoi honetako lehenengo partidan neurtu zituzten indarrak bizkaitarrak eta andaluziarrak.  Lezaman etxeko taldeak 5-1 menderatu zuen Sporting Huelva, baina ez zen lan samurra izan markagailuan aurretik jartzea, gezurra dirudien arren. Jakina da Athleticek atea ikusteko duen erraztasuna, eta beherakada bat jasan bazuen ere –non hiru berdinketa eta bi porrot jasan zituen zazpi partidatan-, berriro bere bertsio onena eskaintzen ari da, golen kontuetan behintzat.  

Baina ez ditu gol askorik egin Huelvan, sei partidu jokatu dituzte bertan eta bi alditan lortu dute garaipena, 2012an nahiko erraz (0-4) eta joan zen denboraldian gogotik sufritzen (0-1). Beste bi bider esku hutsik itzuli ziren Bizkaia aldera, eta gainerako bi neurketetan banakoa adierazi zuen amaierako markagailuak. Hala begiratuz, bi talde berdintsu direla dirudi. Baina, berez, helburu oso ezberdinak dituzten taldeak dira. Andaluziarrak, lehenik eta behin, eta urtero, jaitsiera sahiestu nahi izaten dute, eta ondoren Kopako postuetara begiratu. Ekonomi arazoak ere ia urtero presente daude, hori dela eta, helburu xumeak dituzte. Bizkaitarrek aldiz, beti Liga eskuratzeko borrokan dabiltza, eta azken urteetan palmaresa handitu ez duten arren, goialdean eta hurbil ibili dira. Horregatik da, hain zuzen, estatuko talderik arriskutsuenetarikoa.

Beste alde batetik, zuri-gorriek presio handiagoa jasaten ari dira. Lidergoan dagoen Bartzelona bederatzi puntura dago, benetan alde nabarmena. Horri gehitu, bigarren postua Atletico Madrilen eskuetan dagoela oraingoz, talde bizkaitarrari hiru puntu ateratzen diolarik. Badirudi, gainera, ez daukatela bidean punturik uzteko esperantzarik, eta zuri-gorriek berdina egitea beste aukerarik ez dute. Ondo erakutsi zuten joan zen jardunaldian, Sant Gabriel 1-4 menderatzean. Orain, bigarren itzuli borobila egitea egokitzen zaio Fuentesek gidatutako taldeari eta, batez ere, aurkari zuzenekin bere maila onena erakutsi beharko du podiumean mantendu nahi izanez gero.

Sporting Huelva ez dago bere une goxoenean, eta ez da bizkaitarren zuzeneko lehiakide bat, baina kontu handia eduki beharko dute. Huelvakoek 2015a porrot batekin hasi zuten Atletico Madrilen aurka eta halaxe eman zion amaiera 2014ari, Santa Teresaren kontra. Guztira, hamabost jardunalditan zazpi porrot jasan dituzte, bost aldiz irabazi eta hiru berdinketa lortu dituztelarik. Hala, hemezortzi punturekin zortzigarren postutik –Kopakoko sailkapenetik- hiru puntura daude. Etxeko partidetan ez ditu behar beste puntu atera (sei puntu), eta ziurrenik ahulgune hori hobetzeko xedea izango duela Antonio Toledok. Lehenengo erronka igande honetan dauka eta Athletici gauzak zail ipintzeko asmoa edukiko duela ezin uka. 

Berezitasun bezala, Ainhoa Tirapuren lesioa dela eta, Huelvako atezain gazteak, Sara Serratek, bete zuen nafarraren lekua Espainiako selekzioan pasa den asteko lan-saioetan. Etorkizun handia daukan atezaina menderatzea izango dute helburu Athleticeko aurrelariek. Eta hori haintzat harturik, Yulema Corresen sasoi ona aprobetxatu beharra dago. Joan zen asteburuan Sant Gabrielen aurka sartutako hiru golak arabarraren gosearen isla dira. Minutuak ederki aprobetxatzen ari da, eta baliteke Andaluzian beste aukera bat izatea. Bestalde, joan zen asteburuan Lizasok min hartu eta bigarren itzuliko lehen lehiarako zalantza da.