Athletic

Itxura onena berreskuratzeko ordua

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko mar. 27a, 10:00

Athleticek arerio gogor baten bisita jasoko du bihar. 11:45etatik aurrera Ligako bigarren sailkatuari aurre egin beharko dio. Atletico Madrilek bere potentziala erakutsi zuen lehen itzuliko lehian, bizkaitarrak 2-0 menderatuz. Hori horrela, Madrileko neurketaren zapore mingotsa samurtze aldera, garaipenarekin elkartu nahiko du Athleticek, “GOL Televisión”-eko kameren testigupean.

Bartzelonaren aurka berdinketa ederra –puntu bakarrarekin konformatu ez ziren arren- lortu duen taldea jasoko du Athleticek. Bigarren postuan eta indarberriturik iristen dira Lezamara. Garaipenaren bolada joan zen jardunaldian amaitu zen arren, ezin daiteke honako datu hau azaleratu gabe geratu: madrildarrek 2014an jasan zuten azken porrota eta talde blaugranaren aurka izan zen. Zehatzago izateko, Bartzelonak bakarrik lortu du Atletico Madril menderatzea. Beste era batera esanda, Miguel Angel Sopuertaren taldeak partidu bakarra galdu du. Horrexegatik, hain zuzen, dago dagoen lekuan: bigarren postuan 55 punturekin –Valentziak hurbiletik segitzen badio ere, 53 punturekin.

Estatistika horiek kontuan harturik –futbolean zenbakiek, askotan, garrantzirik ez duten arren- kontu handiz zelairatu beharko da Fuentesen taldea. Beldurrik gabe, jakina. Joan zen asteburuko porrot mingarriak hobetzeko dauden hainbat gauza plazaratuko zituen, taldearen moralari min egitearekin batera. Lehen itzuliaren erdialdean, Athletic lidertzan zegoen; Bartzelona eta Atletico Madril bezalako taldeei alde nabarmena ateraz. Baina gauzak asko aldatu dira. Madrildarrek erregulartasun mantendu duten bezala, bizkaitarrak lehia zuzenetan –besteak beste- huts egin dute. Dena den, erregulartasunaren bide horretan bat edo beste ezusteko jaso dute koltxoneroek; batez ere etxetik kanpo. Baina galdu beharrean, puntua batzen jakin dute –Athleticek ez bezala-. Santa Teresa, Collerense, Transportes Alcaine eta azken sailkatua den Sevillaren aurka, esaterako, berdinketa batekin konformatu behar izan zuen Atletico Madrilek.

Athleticek, ostera, arerio xumeagoak direnen aurka berdinketak lortzeaz gain, zuzenen aurka nagusitasuna erakutsi beharrean txikitu egin da. Atletico Madril, Bartzelona, Levante, Rayo Vallecano ditugu adibide moduan. Horren ondorioz, laugarren postutik ezin irtenda dabil. Ez da erronka erraza, egia esan. Hirugarren sailkatua lau puntura baitago; eta bigarrena, sei. Gauzak horrela, sentsazio onak berreskuratzea nahikoa litzateke zuri-gorrientzat; Liga ahalik eta hobekien amaitu eta Kopa energia positiboz hasteko.

Aurtengo denboraldia ikusirik, gezurra dirudi joan zen sasoian Athleticek 4-1 garaitu izana Atletico Madril. Jada orduan ere, madrildarrek etxean garaipena eskuratu zuten, 2013an Erreginaren Kopan lez. Hain zuzen, talde koltxoneroak Athletic kanporatu zuen, bizkaitarrek Koparekin daukaten zorte txarra areagotuz. Orain bi urte, Manzanaresekoek azken urteetan eman diren hobekuntzak plazaratu zituzten Lezaman 1-2 irabaziz –historian aurrenekoz- eta Madrilen banakoa eginez.  Orain indarrak berdindurik daude. Beraz, edozer gerta liteke bihar. Neurketa entretenigarria ikusiko dugula ezin zalantzan jarri, ate bakoitzean espainiar selekzioaren atezainak egongo direlarik (Ainhoa Tirapu eta Lola Gallardo), baita erasoan ere (Erika Vazquez eta Priscila Borja). Zelai erdian, ordea, erdilari madrildarrak nagusi dira selekzioan (Nagore Calderon, Silvia Meseguer eta Amanda Sampedro). Gainera, Athleticen garaipen batek eta Bartzelonak Realaren aurka irabaziz gero, kataluniarrak birtualki Liga txapeldunak lirateke –matematikoki hala izan ez arren-; are gehiago, Miguel Angel Sopuertaren taldeak galdu eta Valentziak Santa Teresa garaituz gero, bigarren postua galduko lukete madrildarrek. 

 

Argazkia: Lalu. R. Albarran