Gose greba hasi du Itziar Moreno euskal presoak Fresnesen

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola 2016ko mai. 24a, 09:42
Joan den ostiralean Bilbon eginiko manifestazioa (Argazkia: Ernai Bilbo)
Fresnesko kartzela zuzendaritzak lekuz aldatuko dutela jakinarazi dio Itziar Morenori. Ez diote lekua eta data zehaztu oraindik. Etxeratek jakinarazi du isolamendu egoeran jarraituko duela bitartean. Egoera salatzeko, Morenok gose greba hasi du astelehenean.

Fresnesko nesken moduloko zuzendaritzak jakinarazi dio Morenori kartzelaz aldatuko dutela, "noiz eta nora zehaztu gabe". Ondorioz, Morenok gose greba hasi du "isolamendutik atera arte". Kartzela berean dagoen Ekhiñe Eizagirrek ere gose greba hasi du eta Iratxe Sorzabal janariari uko egiten hasi da.

Itziar Moreno isolamendu egoeran dago maiatzaren 2az geroztik. Zuzendaritzak leporatu zion kartzelako bizi baldintzak hobetzeko mobilizazioen buru izatea. Morenoren egoera salatzeko, Fresnesko hainbat preso politikok gose greba mugagabea hasi zuten maiatzaren 10ean.

 

Osnyko espetxean dauden presoen baraualdia

Osnyko espetxean dauden lau euskal preso politiko protesta ugari egiten ari dira Fresnesko espetxean gose greba mugagabea egiten ari diren presoekin elkartasunez. Maiatzaren 17az geroztik –pasa den asteartea– , txandakako baraualdi mugagabea egiten ari dira Osnyko espetxeko lau euskal preso politiko, eta horrela jarraituko dute Itziar Moreno isolamendutik ateratzen duten arte.

Ohar baten bidez salatu dute Morenok isolamenduan jarraitzen duela, eta larria dela bere egoera. Gogorarazi dute Nazio Batuen Torturaren aurkako Batzordeak torturatzat jo duela isolamendua 15. egunetik aurrera.

Era berean, Fresnes eta Osnyko espetxeetako zuzendaritzei, Jean-Jacques Urvoas Frantziako Justizia ministroari eta Lourence Le Vert instrukzio epaileari gutuna bidaliko diete Morenoren egoera salatzeko. Larunbat arratsaldero kontzentrazioak egingo dituzte espetxeko patioan, eta kartelak ipiniko dituzte.

 

Protesta ugari kalean ere

Kalean ere protesta ugari egin dituzte Itziar Morenoren egoera salatzeko. Parisko Elkartasun Komiteak kontzentrazioa egin zuen larunbatean Fresnesko kartzelaren aurrean. Luzio Urtubia militante anarkista historikoak ere hartu zuen parte.

Euskal gehiengo sindikalak deituta gaur, hilak 24, elkarretaratzea egingo dute Frantziako kontsulatuaren aurrean, 13:00ean, 'Fresnes SOS!' lelopean. 
 
ENHE, ELA, STEILAS, ESK, HIRU eta LAB sindikatuek dei egin dute gaur, Bilbon dagoen Frantziako kontsulatuaren aurrean (Iparragirre 26), 13:00ean, egitekoak diren elkarretaratzean parte hartzera. "Isolamendurik ez, sakabanaketarik ez, euskal presoak etxera" aldarria zabaltzea da sindikatuen xedea.
 
Kontzentrazioan, Fresneseko kartzelan Bilboko auzokide bik bizi duten egoera "larria" dela eta, "kezka" adierazten duen idatzi bat helaraziko diote sindikalistek Frantziako kontsulari: "Bilboko euskal gehiengo sindikalak kontsulari eskuhartzea eskatuko dio eskuduntza duen autoritate frantsesen aurrean Itziar Morenoren isolamendu egoera larriarekin amaitzeko".
 

Arratsaldean, berriz, 19:30ean, enkartelada egingo dute Areatzako zubian.

 
 
Fresnesera martxa
Ostiralean abiatuko dira hainbat bilbotar Fresnesera autobusean San Inazioko Itziar Morenori, Zorrotzako Saul Kurtori eta gose greban dauden gainerako euskal presoei babesa ematera. Alde Zaharreko eta Zorrotzako Herriko tabernetan eman daiteke autobusean joateko izena.
 
Maiatzaren 10etik gose greban daude Fresneseko kartzelako gizonezko moduluko euskal presoak. Horietako bat, Zorrotzako Saul Kurto da. Greba mugagabean jarraituko dutela iragarri dute espetxe berean dagoen Itziar Moreno San Inazioko presoa isolamendutik atera arte. Fresneseko kartzelako funtzionarioei preso sozial eta politikoek eginiko plantearen "bultzaitzaile eta ordezkari izateagatik", maiatzaren 2tik isolamenduan zigortuta daukate Itziar Moreno presoa.