Barrenetxearen aurka egiteko eskatu du guardia zibilen abokatuak "testigantza faltsuagatik"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko mar. 17a, 11:00

Epaiketaren laugarren eta azken eguna da ostirala. Sandra Barrenetxearen abokatu Jone Goirizelaiak tortura testigantzaren balioa azpimarratu du. Bera torturatu eta sexu erasoak egin izana egotzita auzipetutako guardia zibilen abokatuak, Barrenetxearen aurka egiteko eskatu du. Bere hitzetan "testigantza faltsua" eman du.

Akusazio partikularrak hemeretzina urteko espetxe zigorrak eskatu ditu akusatuentzako: hamar sexu erasoengatik, sei torturengatik eta hiru lesioengatik. Fiskaltzak eta defentsak, berriz, absoluzioa eskatu dute.

Goirizelaiak, ondorioetan, mahai gainean jarri du prozesua "oztopo lasterketa" izan dela, "luzea, kostosoa eta zailtasunez betea".

Barrenetxea Ekinen aurkako operazio batean atxilotu zuten 2010eko irailean, beste zortzi lagunekin batera. Denek salatu zuten torturak pairatu zituztela inkomunikatuta egon ziren egunetan, baina Barrenetxearen salaketak bakarrik egin du aurrera. Haren kasua hiru aldiz artxibatu zuten, 2012an, 2013an eta 2014an, baina oraingoan epaitegietara heldu da.

Asteazkenean, torturatua eta torturatzaileak aurrez aurre

Asteazkenean Sandra Barrenetxeak bera torturatu zuten hiru guardia zibil ezagutu zituen. Une gogorra izan zen epaiketakoa, azpiko audioan entzun daitekeenez.