#31Ü: Vic-eko aztiari omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2016ko mai. 24a, 08:00
Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Igandeko partidua bukatu ostean, Raul Lopezek merezitako esker ona jaso zuen.

Bera izan zen igandeko protagonista nagusia. Nahiz eta jokoan zegoena garrantzitsua izan, horren gainetik Raul Lopezen agurra zegoen. Eta Bilbao Basketek omenaldi xume baina hunkigarria eskeini zion behin Zaragozaren kontrako norgehiagoka amaitu zenean. Bilbao Arenan bildu zen "marea beltzak" (9630 zale estatistika ofizialaren arabera) 31. minutuan aurrerapen txiki bat eman zion Vic-eko joko antolatzaileri bere izena ohiukatuz eta txalo zaparrada itzela emonaz.

Behin konpetizioaren tentsioa kenduta iritsi ziren laudorioak eta opariak omenduarentzat: bi dantzarik (beste hainbeste txistulariren laguntzarekin) agurra eskaini zioten, aginte makila Xabier Jon Davalilloren eskutik, kataluniarrak bere ibilbidean defenditu dituen elastikoak jantzita (Vic, Joventut Badalona, Real Madril, Utah Jazz, Akasvayu Girona, Khimki eta Bilbao Basket) ume batzuk agertu ziren, saskibaloiko aurpegi ezagunak (Gasol anaiak, Felipe Reyes, Ricky Rubio eta beste asko esta asko; bideo osoa  ikusi nahi izanez gero https://www.youtube.com/watch?v=PWq6wZBAgn8 ), peñen opari sorta... eta gero mota honetako agurretan gertatu ohi den bezela, presidentearen eta omenduaren hitzak etorri ziren. Bukatzeko, Raulek kantxari bira bat eman zion, "beltzezko gizonak" korroan bildu ziren azkenengoz "1, 2, 3 Bilbo" ohiukatzeko eta taldekide eta talde teknikoa osatzen dutenak banan-banan agurtu zituen.

Omenaldi xume baina hunkigarria jaso zuen Vic-eko aztiak (Mumbruren negarra esanguratsua izan zen). Pankarta batek zioen moduan, "aztiak agur esaten du, baina bere magiak darrai".

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga