Mamuak uxatzeko lehenengo pausoa

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2017ko urt. 30a, 23:11
Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Azken partiduetan ikusi ez den kemena erakutsiz lortu du garaipena Bilbao Basketek (81-77).

Ez zen partidu guztiz erabakiorra (bigarren itzuliko bigarren jardunaldia zen), baina jakinda azken boladan "beltzezko gizonen" dinamika zein zen, beheko postuetatik ihesi dagoen talde baten kontra galtzeak ez zion  mesede handirik egingo talde bilbotarrari. 

Egiari zor, lehia ez zen perfektua izan etxekoen aldetik, neurri handi baten, aurrean zegoen taldeagatik. Zaragoza ez zen turismoa egiten etorri Bilbo aldera, aragoitarrek sailkapenean gora egin nahi dute eta. Euren izarren zenbakiak dira horren isla argia: 18 puntu eta 11 errebote Jelovacek, 17na puntu eta 3na errebote Geskevicius eta Benzingek. Norgehiagoka bukatzeko lau minuturen faltan lau puntuko errenta hartu zuten eta "marea beltzaren" baitan iragan hurbileko mamuak agertu ziren, ustez kontrolpean izandako lehia azkenengo momentuan galtzea. Baina ez zen horelakorik gertatu. 15-7ko partziala lortuta (tartean partiduan nabarmendu ez zen Taburen lau punturekin) lortu zuten Duranen mutilek denboraldiko zortzigarren garaipena.

Etxekoen jokoa, arestian adierazi moduan, bikaina izatetik urrun egon zen. Gorabehera gehiegi bai defentsan baita erasoan ere. Momentu batzuetan erraz mugitzen ziren arerioen zonan sistemak landuz eta bere uztaia ondo defendatuz eta beste momentu batzuetan ez zegoen inolako ordenik. Ericen baja eta Buva eta Tabu fisikoki ehuneko ehunean ez egoteak eragina izan zuen, agian (Hervellek 5eko postuan eta Mumbruk 4ko postuan jokatu zuten, nahiko ondo gainera nahiz eta euren postuak ez izan), eta baita hirugarren laurdenean Mendiaren lesioak ere ez zuen asko lagundu (Nicolic nahi zuen baino lehenago jokatzen jarri behar izan zuen Duranek, prentsaurrekoan baieztatu zuen moduan). Laurden bakoitzean izandako partzialak dira irregulartasun horren lekuko: 19-13, 22-23, 18-19 eta 22-22. Estu baina garaipena etxean geratu zen.

Mubru, Bamforth eta Buva. Estudiantesen aurkako lehian bezala, hirurak nabarmendu ziren "beltzezko gizonen" artean. Kapitainak 18 puntu, 3 errebote eta 5 asistentzia lortu zituen, amerikarrak 13 puntu eta kroaziarrak 13 puntu eta 7 erreboterekin izan ziren taldeko gidariak.

Bartzelona izango da hurrengo arerioa Bilbao Basketentzat. Lehia Palau Blaugranan jokatuko da igandean 12:30ean.