Gometxaren bigarren abentura

Erabiltzailearen aurpegia Berbaizu Euskara Elkartea 2017ko urt. 31a, 10:10

Janire eta Ane Soldevillak Gometxa proiektuaren “bigarren abentura” jarriko dute abian Mullerenean martxoaren 13tik aurrera. 

Martxoaren 13tik maiatzaren 29ra Janire eta Ane Soldevillak Gometxa proiektuaren “bigarren abentura” abian jarriko dute Mullerenean (Ramon y Cajal 42, behean), urritik abendura bizi izan zuten abenturak izan zuen arrakasta dela-eta. Gometxak umeen sormena sustatzeko helburua du, eta berau garatzeko baliabideak eskainiko dira. Saioak astelehenetan izango dira 18:00etan eta bertan ordu eta laurdeneko saioak egingo dira. 4-5-6 urteko umeei eskainitako proiektua da Gometxa eta gehienez 12 umeko taldea osatuko da. Izena emateko epea otsailaren 27an bukatuko da.

Ume bakoitzak, inguru ludiko batean, bere sorkuntza prozesua eraikitzea bilatuko da eta horretarako laguntza eta baliabideak eskainiko dira. Ipuin bat balitz bezala landuko dituzte Lur magoa, ametsak (Zurrun-Zurrun) eta Altxor bor-bor. Udagoieneko abenturan bezala “ikasi, sentitu, pentsatu, ikertu, probatu eta asmatu” egingo dute elkarrekin, “artean, artetik eta artez”. Saioa “bazen behin” esaldiak abiatuko duen arren, ez dago jakiterik istorioaren eta abenturaren ibilbideak umeak nora eroango dituen.

Hilean gai bat jorratuko da, hiru saiotan banatuta eta bakoitzean arte-diziplina bat jorratuz. Sarreran asmakuntza plastikoa landuko dute, egunerokoan umeek dituzten ideiak edota pentsamenduak islatzeko asmoz, formak eta koloreak protagonista izanik. Korapiloan, gorputz adierazpenaren gainean arituko dira berbek adierazten ez dutena zentzumen eta intuizioaren bitartez azalaratuz. Bukatzeko, soinuaren atalean, koordinazioarekin, erritmoarekin, diskriminazio sentsorialarekin jolastuko dira.

Astean ordu eta laurdeneko saio bat egingo dute eta guztira hiru gai jorratuko dituzte bertan: martxoan Lur magoa, apirilean eta maiatza hasieran Zurrun-Zurrun (ametsak) eta ostean Altxor bor-bor. Bigarren abentura honen lehen saioa martxoaren 13an egingo dute Mullerenean 18:00etan eta 4 eta 6 urte arteko umeek parte har dezakete (gehienez, 12ko taldea osatuko da). Ikastaroak 60€ balio du Berbaizukideentzat eta 65€ besteentzat. Izena emateko edo informazio gehiagorako berbaizu@euskalnet.net helbidera idatzi edo 94 447 10 42 telefonora deitu. Epea otsailaren 27an bukatzen da. Ikastaroa hasi aurretik, gurasoekin batzar bat egingo dute Janirek eta Anek. Data konfirmatzeke dago.

 

Nor da nor

Ane Soldevilla (Bilbo, 1993): Haur Hezkuntzako irakasle lanean dabil. Metodologia eta proiektu berritzaileetan sakondu ditu bere ikasketak.

Janire Soldevilla (Bilbo, 1992): Diseinua eta Sorkuntzan graduatua, grafista lanean dabil. Hezkuntza Artistikoko ikasketak burutu ditu.

 

Kontaktua

Berbaizu Euskara Elkartea: Ramon y Cajal, 42 48014 Deustu Tel. 94-4471042

E-posta. berbaizu@euskalnet.net

Webgunea: www.berbaizu.eus

Twitterra: @berbaizu