Bilbon be film laburraren aldeko 'Egunik Laburrena' ekimena izango dogu gaur

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abe. 19a, 09:30

Egunik Laburrena [ED+C] nazinoarteko ekimena da, eta helburu nagusia film laburra aldarrikatzea da. Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Zinebi eta Fant jaialdiek ekimenagaz bat egin nahi izan dabe, Bilbon be film laburraren jai handia antolatu eta gaur, abenduaren 20an eta 21ean, 26 film proiektau, musikea eskainiz eta film laburren zuzendariakaz topaketak eginez. 

Jarduerak eta zine emonaldiak Zurbaranbarriko eta Castañoseko udaltegietan, FNAC-en eta La Ribera kafetegian izango dira, eta baita zapatuan, gaueko 21:00etatik aurrera, film laburraren jai nagusia jasoko dauen Pabilioi 6 aretoan be. Azken ekitaldi horretan, Ramón Bareak eta Lander Otaolak gidatutako mahai-ingurua, proiekzinoak eta jaiari amaiera emoteko, musikea izango doguz.

Helduentzako programazinoa gaur, abenduak 19, hasiko da, arratsaldeko 19:30ean, Castañoseko udaltegian, zazpi film labur eskainiz: Superdown, Per un pugno di azioni, Una mierda de slasher, Nosotros que nos queremos tanto, Remanecer, T.O.C, El Coche Fantástico. Emonaldi hori berori hurrengo egunean errepetiduko da, arratsaldeko 18:00etan, FNAC-en.

Horrezaz gan, [ED+C] programeak leku berezia gorde deutse txikienei, izan be, Zurbaranbarriko Udaltegiak, Ohe Azpiko Zera, La Dama y la muerte edo Las aventuras de Tadeo Jones lako lanak jasoko dituan umeentzako saioa eskainiko dau barikuan, arratsaldeko 18:00etan. Familia osoari zuzendutako proiekzino hori hurrengo egunean be ikusi ahal izango da, eguerdiko 12:00etatik aurrera, FNAC-en.

Abenduaren 20an, Pabilioi 6 aretoak asteburuko ekitaldi nagusia jasoko dau, Euskadiko film laburraren panoramikea erakutsiko dauen jai handiagaz. Proiekzino bikotxa eskainiko da: alde batetik, jaialdietan ibilbide luzea egin daben zenbait film labur mitiko, Pedro Riveroren Birdboy, edo Haritz Zubillagaren Las horas muertas, bestak beste, eta bestetik, oraintsu estreinau diran hainbat film, Aitor Gutiérrezen Anómalo, (Euskal Zinemearen Sari Nagusia Zinebi 2014an), Mikel Alvariñoren Oscar Desafinado (Film Labur Onenaren Saria Sitges 2014an), David Sañudoren Malas Vibraciones (Euskal Film Labur Onena Gasteizko Film Laburren jaialdian – Cortada) Kote Camachoren Don Miguel edo Paul Urkijoren El Bosque negro, besteak beste.
 
Proiekzinoak osotzeko, zinemagileek mahai-inguruetan hartuko dabe parte. Moderatzaileak Ramón Barea antzezlea (Antzerki Sari Nazionala) eta antzezle eta baita film laburren zuzendari dan Lander Otaola izango dira. Zinemearen jai handiari amaierea emoteko, ikus-entzuleek The FILMak Countdown taldeak eskainiko dauen musika saioagaz gozau ahal izango dabe.

Film laburrari eskainitako astegoiena domekan, abenduaren 21ean, amaituko da, Erriberako merkatuko kafetegian eskainiko dan saioagaz. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Iker Arceren Magia, Roberto San Sebastiánen Yayos, Kote Camachoren Don Miguel, David Sañudoren Malas Vibraciones, Lander Otaolaren Preguntador eta Mikel Alvariñoren Oscar Desafinado lanak eskainiko dira. Zuzendari horreetako batzuk emonaldiotan be egongo dira, euren lanak aurkezteko.
 

Aurrekariak

[ED+C], neguko solstizioagaz bat etorriz (abenduaren 21ean) mundu osoan ospatzen dan nazinoarteko ekimena da, film laburrak jente guztiari hurreratzeko helburu nagusiagaz, kaleetan eta mueta guztietako gune publikoetan, plazetan, ikastetxeetan, museoetan, ospitaletan, saltokietan edo tabernetan eskaintzen diran dobako zinema emonaldiakaz.

Coordinadora del Cortometraje Español izenekoak hartu dau beregan estadu mailan jai hori antolatzeko erronkea, film laburrari balioa emoteko eta zinemearen eta kulturearen industriaren barruan jagokon lekua emoteko. 2013an ospatu zan estaduko lehenengo edizinoa, 82 emonaldi eskainiz egun bakarrean, eta aurten Bilbok be bat egingo dau ekimenagaz.

[ED+C] kalidadezko edukiak eskaintzean oinarritzen da, baina ekitaldi edegia da, eta, ondorioz, kultur kudeaketan dabilzan eragileek zein edozein erakunde publikok edo pribatuk bat egin leikie, eta baita herritarrek eurek be, euren lagun edo auzokideentzat emonaldiak antolatuz.

Aurten gure urian Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Platanoboligrafo produkzino etxeak antolatu daben ekimenaren laguntzaileen artean Pabilioi 6, ECPV-EHZE-Euskal Herriko Zinema Eskolea, Kimuak, eta Bilboko Udalak antolatzen dituan Zinebi eta Fant zine jaialdiak dagoz.