Irati Urrestarazu: 'Unibersidadetik urtetean, zer egin ez jakite horrek bultzatu ginduzan Okela sortzera'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mar. 4a, 08:47

Arte Eder Fakultadetik urten barri, zer egin ez ekiela egozan Izaro Gonzalez Ieregi, Irati Urrestarazu Zubizarreta eta Nora Aurrekoetxea Etxebarria artista gazteak. Hasteko, behar egiteko tailer bat topau beharra euken, eta holan heldu ziran Bilboko San Frantzisko kaleko 11. zenbakira. Hantxe dago Okela Sormen Lantegia, eztabaida, ikerketa eta esperimentazino gunea; izaera kritiko, eregitzaile, euskaldun eta feministea daukan espazioa.

Artistentzako lau Meeting Point antolatu ditue, eta Euskal Herriko artista plastiko eta bisualen artxibo-mapping-sarea osotzen hasi dira. Laster dator Okelaren lehenengo urteurrena.

1.- Zer da Okela Sormen Lantegia?

Espazio kultural bat da. Gure helburuetako bat da Euskal Herriko artisten sarea osotzea, mapa baten bidez. Hori lortzeko, hainbat deialdi egin doguz, berbarako, gai baten inguruan antolatzen doguzan jardunaldiak. Espazio bat nahi dogu, artisten arteko loturea bermatzeko, transmisinoa egon daiten. Horrezaz aparte, eztabaidarako gunea izatea be nahi dogu. Hori da gure ekarpena.

2.- Zer bultzatu zituan Arte Eder Fakultadetik urten barri ziran hiru artista Okela ekimena martxan ipintera?

Ba, unibersidadetik urtetean, zer egin ez jakite horrek bultzatu ginduzan. Hiru lagun batu ginan egoera antzekoan, gure bizitzekaz zeozer egin beharrean. Danok geunkan artisten indibidualizazinoaren ganeko idea bera. Ikasketak amaitzean inork ez daki zer egin daben beste batzuk, ez dago transmisinorik artisten artean. Momentu egokian persona egokiak batu ziran, holan sortu zan proiektua. Beharrizanetik sortu zan.

3.- Transmisino falteak kalte handia egiten deutsue artista hasi barriei?

Ibilbide bat egin daben artisten eta hasten gabilzanen artean transmisinorik ez dagoala ikusi genduan; hasten gagozanak beti gagoz hasten, beti zerotik abiatu behar. Ez dakizu zer topauko dozun, zelan funzionetan dauen, holango hutsune bat dagoala konturatu ginan.

4.- Jardunaldietan, Artisten Meeting Pointetan, artistok alkarren barri izaten dozue, ezta?

Jardunaldien bidez kontaktuak egiten doguz, aukeratutako gaiaren inguruan beti ahalegintzen gara ibilbide luzeko artista bat ekarten, transmisinoa bermatzeko. Eta mapea tresna bat da guretzat, ez dakigu hortik zer sortuko dan. Mapea lurraldeka, diziplinaka eta gaika antolatuta dago, bilaketea errazteko. Holan, ikusi zeinke zure inguruan nor dabilen zure antzeko arloan lanean.

5.- Orain arte, urtebetean, bost bat batzar egin dozuez, ezta?

Bi-hiru hiletik behin egin doguz jardunaldiak, hurrengoa martian 27an izango da. Mapea osotzeko balio deuskuen jardunaldi fisikoak dira Artisten Meeting Pointak. Gai orokor bat ipinten dogu, artistei deialdia egiten deutsiegu eta aukeratzen diranek 20 minutuko tartea daukie gaiaren ganean berba egiteko. Aurkezpenen ostean, eztabaidea egoten da. Ganera, artista horreen erakusketa be egoten da ikusgai.

Lurraldetasuna, gorputza, politikea eta prozesuak gaiak jorratu doguz urte honetan, eta hurrengoa tradizinoaren ganekoa izango da.

6.- Gai nahiko zabalak aukeratu dozuez.

Gaia atxakia bat da. Gai zabal baten inguruan dagozan egiteko modu desbardinak interesetan jakuz guri. Arlo oso zehatza ipini ezkero, askotan jenteak ez dau bere burua prest ikusten berba egiteko. Baina, baten batek gai zehatzagoa proponiduten badau...

7.- Ze adinetako artistak  batzen dira Okelaren jardunaldietan? Eta mapan?

Batez be, artista gazteak dira, gehienez be 40 urtekoak. Salbuespenen bat badago, baina gehien-gehienak gazteak dira. Horregaitik, gitxienez beste belaunaldi bateko artista bat ekarten dogu, nagusiagoa.

Mapan be gazteak dira nagusi. Teknologi barriekaz adin tarte bat galtzen da askotan, gatxagoa da eurekana ailegetea. Beharrizana be, dana dala, gazteok daukagu batez be.

8.- Artisten Meeting Point horreek edegiak dira, edo artistea izan beharra dago parte hartzeko?

Edonor joan daiteke, leku guztiak bete arte. Ez da artistea izan behar. Danetariko jentea etorten da, eta guk hori nahi dogu, ganera, artea apur bat herritartzea. Aberasgarria da jente desbardina etortea.

Etorkizunean batzar guztiak argitaratu nahi doguz, hemen zeren ganean berba egin dan, eztabaidak erakutsi. Horretarako dirua behar da. Dana jaso dogu, zeozer egin nahi dogu, baina ez dakigu momentuz zelan eta noiz.

9.- Eta Okela izena bera nondik dator?

Ba, izena eta logoa erabagi nahian mila ordu emon ostean, lehenengo idea, agirikoena, hori aukeratu genduan. Hogei urtean zarratuta egon dan okelategi batean gagoz, saltxitxa fabrikea be bazan. Espazioa moldatzeko lanak egin arren, ezin izan deutsagu harategi itxurea kendu. Izozkailu handiak hemen dagoz oraindino, giroa harategi batekoa da. Gauza bitxia, askotan pasau gara ate honen aurretik, beti itxita ikusten genduan, eta barrura begiratu, eta aiko, guretzako leku apropos-aproposa.

Sartu ginanean ez genkian zelako espazioa izango zan, ez genduan pentsau hain handia izango zanik, esaterako. Egokitzeko lanak egiten genduzan bitartean sortu ziran ideak. Hemen gure tailerrak daukaguz, bakotxak bere lan egiteko espazioa. Tailerra topetea zan gure helburua, baina espazioa ikustean amesten hasi ginan. Lanak egiten genbilzala, orduan hasi zan benetan Okela haragitzen.

10.- Orain okelatar bila zabilzie, ezta?

Bai, urteko gitxieneko kuotea 30 euro da. Proiektuak aurrera egin daian, eta diru-laguntzen eta erakundeen guztiz menpe ez egoteko, ipini dogu martxan kanpainea. Apirilera arte aukerea dago okelatar izateko, ia jente asko animetan dan.

Laguntza publikoa jaso dogu, baina eskatzen dozunaren erdiaren erdiaren erdia edo da. Aurten badaukagu, baina datorren urtea ezin jakin, ez da gauza ziurra.

11.- Uste dot berogailua izetuteko be ez dozuela euki...

Kar, kar, kar... ETB1eko Azpimarra saioan izan ginan, eta Norari bihotz-bihotzetik urten jakon berogailuarena. Pentsau bai, baina esan esaten ez diran gauzetako bat da. Baina, bai, berogailurako diru barik gabilz. Lokal zaharra da, aurten apur bat hobeto gagoz, espazioa beste modu batera antolatu dogu.

Igaz, negu gogorra izan zan, kalera urteten ginan berotzera, benetan! Hotzez hiltear gengozanean, kalean zati baten egon, eta barriro barrura.

12.- Laster beteko dau urtebete Okelak, zein da zuen balorazinoa?

Apirilaren 10ean zabaldu genduan. Balorazinoa oso positiboa da. Jentearen erantzuna kristorena izan da, artisten parte-hartzea, hona hurreratu dan jentearena, komunikabideetan izan dauen oihartzuna... Inork ez eban espero lortu doguna, zelan urten dan hau danau, hainbesteko jakin-mina. Gogorra da, baina aberasgarria; zuk ikusten dozun hori beste askok be ikusten dabela konturatzen zara, eta zugaz batera hutsune hori modu batean edo besteak beteten gabilzala. Apirilaren 17an jai txiki bat egingo dogu, ospatzeko.

Nagore Ferreira Zamalloa